Kirol mota hau praktikatzeko espazio berri hau Salbatore auzoko gasolindegiaren atzean egokitu du Udalak
Honela Igartza Arku Tiraketa Elkarteak Udalarekin duen hitzarmena dela eta bere espazio irekia egokia eta propioa izango du entrenamenduetarako
Udalak, Beasain Kirol Fundazioaren bitartez Igartza Arku Tiraketa elkarteak egin zuen eskaera bati erantzuna eman dio. Kirol mota hau praktikatzeko lekuaren berezitasunengatik ez da samurra aire librean ehun metroko luzera duen eremu zabal bat egokitzea. Hainbat toki aztertu ondoren azkenik Salbatore auzoko gasolindegiaren atze aldean dagoen lur saila aukeratu du Udalak.
Udalak bere gain hartu ditu lur eremu hau egokitzeko beharrezkoak ziren lanak. Honela, lehen sasiarte bat zena garbitu, zelaigune bihurtu eta zoladura baldintza egokietan jarri du kirol mota hau praktikatu ahal izateko. Eremu guztia hesitu eta itxitura bat jarri da giltzatuta. Horrez gain, urbanizazio lan txiki bat egin da bertan etxetxo bat jarriz materiala gordetzeko eta sarrera lekua identifikatzen duen panel bat kokatu da.
Lan hauetarako egin den inbertsioa 9.700 eurokoa izan da. Beasaingo Udalak, Kirol Elkarteek euren jarduerak baldintza egokienetan aurrera eraman ahal izateko bitarteko guztiak jartzen jarraitzen du. Kasu honetan, Igarta Arku Tiraketa taldeak Beasaingo Udalarekin duen lankidetza hitzarmenari esker gauzatu ahal izan da azpiegitura berri hau.