Azoka ezagutzen
Gosari osasuntsuak lantzen
Osakidetzak, BPSO programaren bitartez, haurren obesitatearen prebentzio programa du martxan EAEko hainbat Osasun zentrotan, horren barruan Beasaingo ikastetxeetan, bizi ohitura osasuntsuak bultzatzeko tailerra eskaini zuten Eluska Gonzalez eta Maite Guridi erizainek. Ondoren, gosari osasuntsu bat eskaini zieten LH6 mailako haurrei. Gosari horretarako 0 km-ko produktuak erabili zituzten, elikadura osasuntsuan azokek eta bertan saltzen diren produktuek duten garrantzia azpimarratuz.
Baratzera eta gaztandegira bisitak
Beasaingo azokaren parte diren bi ekoizle bisitatzeko aukera izan zuten Beasaingo LH6 mailako ikasleek. Bata, Josetxo Mendia, baratzezain ekologikoa, baratze-lurrak Altzibar baserrian dituen nekazaria. Bertan baserriko lanabesen izenak, neguko baratze zainketa eta lanak bertatik bertara ezagutzeko aukera izan zuten ikasleek.
Bestea, Beñat Telleria, behi-esnearekin gazta egiten duen Mutiloako Odio baserrian gaztandegia duen gaztagilea eta haragi ekologikoa saltzen duen abeltzaina. Bertan behi gazta egiteko prozesua ikusi eta gazta mota desberdinak probatzeko aukera izan zuten ikasleek.
Baratzezaintza eta abeltzaintza ekologikoaren oinarriak ezagutu, jaten dugunak lurra eta ingurunearekin duen loturatik abiatuta, gure osasunarekin duen harreman estua ulertzeko baliagarriak izan dira bi esperientzia hauek.
Azoka eta elikadura osasuntsuaren zantzuak ezagutzen
LH5-eko ikasleekin lanketa:
Azoka bertatik bertara sentitu eta azokak eta bertako ekoizleek eskaintzen duten ezagutzeko azokara hurbildu ziren LH5-eko ikasleak.. Horrela garaikoa, bertakoa, Km 0, ekologikoa, bidezkoa, gure kultura zaintzen duena… eta horrek energiarekin zein lotura duen aztertu zen.
Ondoren, Amaia Aierbe nutrizionistaren eta Josetxo Mendia nekazariaren eskutik gure hamaiketako eta ogitartekoen inguruko tailer praktiko bat egin zuten azokako produktuez baliatuz eta zenbait gai landu ziren horrekin lotuta:
- Elikadura eta kontsumo ohitura osasuntsuak ezagutzea eta horretan azokak duen garrantziaz jabetu.
- Elikadura osasuntsu batetik iraunkortasunerako pausoak ematea: gertukoa, garaikoa, ahal bada ekologikoa.
- Hamaiketako osasuntsuak zein osagai izatea komeni da? Zein osagai noizbehinkakoak?
- Elikagaiak aukeratzeko garaian:elikagaiak egin dituen km kopura, non erosi dudan nori, nola.
- Hamaiketakoen bueltan sortzen dugun zaborraren inguruko hausnarketa. Plastikoen erabilera eta xahuketa.
- Elikadurak energiarekin duen lotura ikusarazi.
LH6-ko ikasleekin lanketa:
Ikasle hauek aurreko ikasturtean azoka bertatik bertara ezagutzeko aukera izan zuten eta oraingoan Amaia Aierbe nutrizionistaren eta Josetxo Mendia nekazariaren eskutik tailer praktiko batean helburu hauek landu zituzten:
- Gure platerak osasuntsua izateko bete behar dituen ezaugarriak.
- Beasaingo azokak elikadura osasuntsuaren alde egiten duen lanaren berri izatea.
- Azokako barazkiak ezagutu eta garaian garaikoak ezagutzea. Bertako eta garaiko barazkien kontzeptuak landu.
- Hamaiketako eta askari osasuntsuen tailer praktikoa eta horren inguruko hausnarketa egin.