Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Kirola

Herritarrek proposatuko dituzte Beasain Kirol Sarietako hautagaiak

2018/11/27

Herritarrek udaleko webaren bitartez eta Kiroldegiko harreran inprimakia betez proposatu ahal izango dituzte Kirol Sarietarako aurtengo hautagaiak

Abenduaren 9an itxiko da proposamenak aurkezteko epea eta ondoren epaimahai batek erabakiko du zein izango diren sarituak

Beasain Kirol Sariak, Beasaingo Udalak 2016an abian jarri zuen egitasmoak hirugarren edizioa beteko du. Udal gobernuaren ekimenez  helburu nagusia da, Beasaingo edo Beasainen kirol alorreko jarduera bultzatzen, sustatzen edota emaitzetan nabarmendu diren pertsonen eta erakundeen aipamen berezia egitea eta jende aurreko aitortza eta esker ona adieraztea.

Aurtengo sari emate ekitaldia abenduaren 28an arratsaldeko 19:00etan egingo da Igartzako jauregian. 2018ko hautagaiak zein izango diren jakiteko herritarren iritzia jasoko da eta proposamenak biltzeko bi bide ireki dira. Bata, Beasaingo Udalaren webean dagoen galdetegia betez eta bestea Antzizar kiroldegiko harreran eskuragarri dagoen inprimakia bete eta bertan kokatuko den kutxan sartuz. Proposamenak egiteko epea abenduaren 9an bukatuko da.

Beasain Kirol Sarietan oinarrizko lau sari banatzea aurreikusi da:

. Emakumezko kirolariari edo kirol taldeari saria 2018

. Gizonezko kirolariari edo kirol taldeari saria 2018

. Kirol jardunaldiari saria 2018

. Erakunde babesleari saria 2018

Hautagaien proposamenak jaso ondoren, guztiak aztertu eta epaimahai bat osatuko da hautagaien merezimenduak baloratzeko eta sarituak aukeratzeko. Lau sarituen artetik epaimahaiak erabakiko du nori eman 2018ko Sari Nagusia. Kirolaren Udal Fundazioko lehendakariarekin batera epaimahaia honako pertsonek osatuko dute; Kirolaren Udal Fundazioko zuzendaria, Beasaingo Udaleko komunikazio arduraduna, Beasaingo kirolaren berri edota kirolari beasaindarren berri jarraitzen duen komunikabide edo kazetari bat, aurreko urteetako saritu bat eta Kirol elkarte edo entitate bateko aditu bat.

Epaimahaiak Saridun guztiak izendatu ondoren, hauen artetik erabakiko du zein den 2018ko Sari Nagusia jasoko duena. Dagokion oroigarriaz aparte, Sari Nagusiak oroitzapenezko plaka izango du Antzizar Kiroldegian, helburu horretarako egokituko den gunean. Bestalde epaimahaiak eskumena izango du aipamen bereziak izendatzeko.

Ohorezko udal sariak

Atal honetan ohorezko bi sari aurreikusi dira, Kirol ibilbideari Ohorezko saria eta Kirolaren ohorezko Beasain saria.

Beasaingo udalak eskumena izango du, egoki ikusiko balu, sari berezi hau emateko: kirolaren udal saria 2018. Ohiz kanpoko goresmen saria da, kirolarekin lotuta, 2018. urtean Beasain herriaren izena zabaldu duten pertsonen edo entitateen jardunbide bikaina aitortzeko helburuz eratua.

Bestalde, Beasaingo Kirolaren Udal Fundazioak eskumena izango du, egoki ikusiko balu, ondorengo sari berezia emateko: Kirol ibilbideari saria. Kirol munduan urteetan egindako jarduera eta jardunen ibilbidea edo curriculuma sarituko duena, Beasaingo pertsonen edo entitateen jardunbide bikaina aitortzeko helburuz eratua.

Sari hauen bidez Beasaingo kirolaren alde, edozein norbanako edo elkartek egindako lana jendaurrean goraipatu eta adieraziko da. Horretarako antolatuko den ekitaldian, aurrez erabakitako sail, kategoria eta genero bakoitzeko sarituari dagokion oroimenezko ikurra emango zaie. Sariak ohorezkoak dira, hau da, ez dute inolako ekarpen ekonomikorik izango.