Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Kirola

Takiletako sarrailak irekitzeko sistema elektroniko berria Antzizar kiroldegian

2018/11/30

Sistema berriarekin, bazkide txartelarekin eta eskumuturreko berriarekin kiroldegirako sarrera eta aldageletako takilen sarraila irekitzeko aukera bateratu da

Udalaren kirol instalazioetan egiten diren etengabeko hobekuntza lanek ekarri dute sistema berritzaile hau, honela erabiltzaileen erosotasun eta eskainitako zerbitzuen kalitatea hobetu nahi da

Kirol arloan Udal gobernuaren helburu nagusietako bat instalazioen eta eskaintzen diren zerbitzuen kalitatearen hobekuntzan aurrera pausoak ematen jarraitzea da. Etengabeko hobekuntzaren ildo horri eutsiz, Antzizar kiroldegian eskaintzen diren zerbitzuen artean egin den azken berrikuntza da takilen sarraila elektronikoa .

Aldageletako takilen sarrailak irekitzeko sistema elektroniko berria jarrita bi eginkizun burutu ahal dira tresna bakar batez baliatuta; bazkide txartela edo eskumuturreko elektronikoarekin kiroldegira sartu eta takilak ireki. Bazkide txartela erabili nahi dutenek takiletako sarraila elektronikoak ireki eta isteko kiroldegiko harreran egokitu beharko dute. Berrikuntza nagusia silikonazko eskumuturrekoa da, erosoa, eramangarria eta bi gauza egiteko aukera ematen duelako.  

Takilak irekitzeko sistema elektronikoa

Nahiz eta takila batzuetan kandadu eta giltza bidez takilak erabiltzeko aukera mantendu den, gehienetan sistema berria jarri da. Sarraila elektroniko berriak esan bezala bazkide txartelarekin eta euro baten truke erosi ahal izango den silikonazko eskumuturrekoarekin ireki eta itxi ahal izango dira. Eskumuturrekoak kiroldegira sartzeko ere balio du.

Takiletako sarraila elektronikoa erabiltzea erraza da. . Lehenik eta behin, txartela edo eskumuturrekoa kiroldegiko harreran aktibatu behar dira. Ondoren takila aukeratu eta bertan gauzak gorde. Isteko, botoia sakatu eta txartela edo eskumuturrekoa botoira gerturatu behar da eta hotsa entzungo da. Zabaltzeko berdin, botoia sakatu eta txartela edo eskumuturrekoa botoira gerturatu behar da. Takilaren zenbakia ahaztu ezkero harreran dagoen informazio terminalean dagoen irakurgailutik pasa behar da txartela edo eskumuturrekoa eta takilaren zenbakia agertuko da.