Asmo nagusia motorraren arlo guztiez jendea gozaraztea da, ikuskizuna eta abiaduraz haratago badago kirol honek eskaini ditzakeen beste balio batzuk, eta horiek jakitera ematea garrantzitsua da Udalarentzat
“Iazko ekitaldiaren arrakasta ikusita, Udalak bigarren edizio honetarako babesa eta laguntza ematea erabaki du. Alde batetik elkarteak erakutsitako antolakuntza mailagatik, bai segurtasunean eta bai zorroztasun eta kalitatean eta bestetik landu duen egitaraua hobekuntza nabarmenekin osatu dutelako”.
Hitz hauekin definitu zuen Elena Ruiz kirol zinegotziak Beasaingo II. Motor Asteburua. Aurkezpenean udal ordezkariaz gain, antolakuntzako Iñigo Arrizabalaga eta Ibon Arregi eta Gipuzkoako Motor Federazioko Iñigo Cuesta egon ziren.
Ekitaldi honen asmo nagusia motorraren arlo guztiez jendea gozaraztea da. Ikuskizuna eta abiaduraz haratago badagoelako kirol honek eskaini ditzakeen beste balio batzuk, eta horiek jakitera ematea garrantzitsua da; gidaritza eta segurtasun heziketa, formazioa eta kirol honetako pilotu profesionalek bereziki gazteei eman ditzaketen aholku eta bizipenak.
Arlo honi garrantzi berezia eman nahi izan dio Udalak, hezkuntzaren aldetik errepidean arretaz eta gehiegikeriarik gabe segurtasunez eta kontzientziaz gidatu behar da eta. Ibilgailuek gure egunerokoan duten eragina bistakoa da eta zuhurtziaz eta arretaz gidatzea ezinbestekoa da gehiegikeriatan erori gabe. Azpimarratzekoa da ekitaldi guztiak doan izango direla bertaratzen diren pertsona guztientzat.
Albert Llovera pilotuaren hitzaldia
Beasaina etorriko diren pilotu eta protagonistek ekarpen ugari egingo dituzte. Aipagarriena Albert Llovera rallyetako pilotuaren presentzia izango da. 18 urte zituela eski istripu larri baten ondorioz gurpildun aulki batean mugitzen da baino hori ez da oztopo izan berarentzat eta munduko rally txapelketa nagusienetan lehiatzen da. Bere borroka eta bizitzaren kontakizuna bi hitzaldietan azalduko du; abenduaren 14an institutuko ikasleei eskainiko diena goizeko 11:00etan eta larunbatean abenduaren 15ean 19:00etan publikoari irekia. Biak Usurbe antzokian izango dira.
Erauskingo V. Auto Igoera
Motorraren munduak eskaintzen duen arlo ludiko, hezitzailea eta aisiari zuzendutakoaz gain ikuskizunerako tartea izango da Erauskingo auto igoerarekin. Asteburu osorako antolatu den egitaraua denok asetuko dituela iruditzen zaigu, aipatu zuen Ibon Arregi antolatzaileak. Baina horretaz gain egitarau borobila osatu dute antolatzaileek eta adin guztietako beasaindarrak eta kanpotarrak gonbidatu dituzte Beasaina.
Egitaraua
Larunbata 15
Gernika pasealekuko frontoian: haurrentzako bide heziketa ikastaroa kart elektrikoekin. Jolaserako Scalextrikc erraldoia eta Moto elektrikoak egongo dira.
Gipuzkoa plazan: Segurtasunez gidatzeko ikastaroak, lehen sorospenen ikastaroa eta iraultze simulagailua. Guztia doan.
Loinazko San Martin plazan: ibilgailu klasikoen erakusketa egun osoan.
Usurbe antzokian: Albert Lloveraren hitzaldia 19:00etan.
Bideluze plaza: Trial ikuskizuna 20:30tan
Igandea 16
Erauskin plaza eta Gernika pasealekuan: Erauskingo V. Auto igoera
Loinazko San Martin plazan: ibilgailu klasikoen erakusketa goizean.
Beasaindik kanpo datozenei Bernedoeneako aparkalekua erabiltzeko gomendioa luzatzen du Udalak.