Garrantzitsuena berdintasunaren alde eman den urratsa izan da eta diru sarietan gizonezkoetan zein emakumezkoetan lehen hamabost sailkatuek kopuru bera jasoko dute
Izena emateko epea abenduaren 29an gaueko hamarretan itxiko da eta aurten rockthesport.com plataforman egin beharko da
Aldaketa berriekin aurkeztu da Beasaingo 45. San Silbestre krosa. Kopuru esanguratsu honetara iritsita, orain arte ez bezala probaren aurkezpena egin dute Beti Bizi Elkarteko ordezkariek eta Udaleko kirol saileko arduradunek.
Berrikuntza nagusiena genero ikuspegitik berdintasunaren alde eman den urratsa izan da. Sarietan, emakumezkoetan eta gizonezkoetan lehen hamabost sailkatuek diru sari kopuru berdina jasoko dute. Elena Ruiz Udaleko kirol zinegotziaren esanetan, berandu baino lehen eman beharreko aldaketa izan da eta aurten antolatzailea den Beti Bizi Elkarteak Udalarekin batera hartutako erabakia izan da. Honela generoen arteko berdintasuna bultzatu nahi da bi erakundeetatik. Elena Ruizek, Beti Bizi Elkarteak San Silbestre krosa antolatzen egiten duen lana eskertu du, lasterketa herrikoia izateaz gain eliteko korrikalariak erakartzea meritu handiko lana bait da eta horrekin Beasaingo San Silbestrea estatu mailako San Silbestre eguneko lasterketa garrantzitsuenen artean kokatzea lortu dute.
Beste berrikuntzak
Antolatzaileek euren aldetik 45garren edizio honek ekarriko dituen berrikuntzak azaldu dituzte. San Silbestre krosean parte hartzeko izena emateko plataforma aldatu dute eta honek berarekin beste hainbat aldaketa ekarri ditu. Orain rockthesport.com plataformara jo beharko da izen emateko. Honek berarekin kronometratzeko sistema aldatuko du eta ondorioz txip-a zapatillan lotu ordez dortsalean barneratuta egongo da. Aipatu izena emateko epea abenduaren 29ko gaueko 22:00ak arte dagoela irekita. Kostua 6 eurokoa da. Gainontzean orain arte bezala lasterketan parte hartuko duten guztien artean bina dorsal zozketatuko dira Goierriko 2 Handiak eta Mari Murumendi Maratoian parte hartzeko.
San Silbestre lasterketa beasaindarrak azken urteetan bezala Loinazko San Martin plaza aurrean izango du irteera abenduaren 31an eguerdiko 12:00etan. pdf Ibilbidearen (552 KB) luzera 9.350 metrokoa da eta gehienezko partaidetza 350-400 korrikalari izango da. Dortsalak lasterketa egunean udaletxean kokatuko den bulegoan jaso beharko dira goizeko 9:30-11:30 artean. Lasterketan 14 urtetik gorakoek parte hartu ahalko dute.