Covid 19ak eragindako itxialdia hainbat mantenu eta berrikuntza lan egin ahal izateko aprobetxatu da
Antzizar Kiroldegiaren berrirekiera osasuna babesteko hainbat babes neurri hartuta egin da. Espazioetako aforoa mugatua, aldez aurretik hitzordua hartzea, higienea eta distantzia mantentzea eta babes neurriak barruko ibilbideetan ezartzea dira protokoloaren kontingentzia planaren jarraipide nagusiak.
Irekieraren lehen egunean, ez da jende pilaketarik eman ireki diren eremu ezberdinetan, egoera lasaia izan da. Lanik gehiena, aldez aurretik hitzordua hartzeko moduari buruzko informazioaz galdezka kiroldegira gerturatu diren erabiltzaileak artatzen izan dute harreran. Hori horrela, instalazioak erabiltzeko hitzordua hartzeko telefonoz eta bertara joanez egin badaiteke ere, on line egin ahal izateko plataforman alta ematea gomendatzen da.
Hobekuntza lanak instalazioetan
Baldintza hauek kontutan izanda bada beste berritasunik berrirekiera honetan. Beasaingo Udalak kirol instalazioen eta eskainitako zerbitzuen kalitatean eta segurtasunean jarrita du begia betidanik. Etengabeko hobekuntzekin erabiltzaileak eta bereziki bazkideak fidelizatzea helburu hartuta, Covid 19ak eragindako pandemiaren ondorioz, itxialdi garaia hainbat berrikuntza eta mantenu lan egiteko aprobetxatu da. Argiztapena, pintaketak, konponketak, zenbait berrikuntza eta espazioen distribuzioa aldatu dira aipatutako helburuak lortze aldera.
Argiztapena berritu
Orotara hainbat lekutan 190 argiztapen-ekipo kendu dira eta 90 led ekipo berri jarri dira haien ordez, honela energian aurrezteaz gain segurtasuna eta kalitatea bermatuta geratzen dira. Argiterian eman diren aldaketak espazio hauetan izan dira; Frontoiko eta pabiloiko harrera eta sarbideak, sarrera nagusia eta ateak, igerilekuetako aldageletako kabinak, sarbideak eta komunak, armairuak eta korridoreak dauden tokiak, aldageletako ibilbidea, eskailera metalikoetan, Vending gunean, eremu zaharreko atarian, gimnasioen eta komunen pasiloan, haurren hezkuntzarako igerilekuan eta hidroterapian eta saunen eta dutxen eremuan. Era berean, planoak egin eta zirkuituak aldatu dira.
Saunen gunean konponketak eta mantenua
Lurrunezko saunan panelak askatu eta konpondu dira eta gela garbitu da. Sauna lehorreko eta infragorrietako gelen barruko egurrak lixatu eta egoera txarrean zegoena kendu eta ordeztu da. Kanpoko eserlekuak ere konpondu dira. Bide batez, saunetako berogailuetako erresistentziak eta babesak garbitu dira.
Igerilekuetan geldialdi teknikoa
Igerilekuetako ontziak eta errekuperazio deposituak hustu dira. Irakaskuntzarako igerilekuko gresitea konpondu da eta ihesak berrikusi dira. Hidroterapia igerilekuko xafla perimetralaren ordez, herdoilgaitzak jarri dira. Igerilekuetako ontzietan flotazio-lerroak, barandak, uretako jostailuak, sareak, iragazkiak eta hodiak garbitu dira.
Pintaketa lanak
Kiroldegiko eremu ezberdinetan pintaketa eta saneamendu lanak burutu dira. Honela, hall edo harrera zaharrean hormak, ateetako espazioak, barandak, zutoinak eta larrialdi irteerako ateak margotu dira. Frontoiaren alboko pareta eta harmailetako baranda, sarrera eta fitness gelarako sarbidea eta baranda ere margotu dira. Berdin gimnasiora sartzeko heldulekua eta eskailera metalikoak. Arku tiroketako eremuan eta kluben gimnasioko zoruetan konponketak eta margoketa egin dira
Beste hainbat lan
Segurtasun eta babes neurriak jarraituz, gimnasioko makinak jarduera gelan banatu dira makinen arteko segurtasun distantziak errespetatzeko eta guztiak berrikusi eta matxuratuak konpondu egin dira. Harreran jendea artatzeko babesteko pantaila berriak egin dira.
Aldageletan itoginek hondatutako sapaia konpondu da eta erretenak, zorrotenak eta teilatua garbitu dira. Eremu zaharreko sotoan xukatzeko ponpa ordeztu da, intsektuak eta arratoiak desagerrarazteko tratamentua egin da eta igogailuen berrikuspena burutu da.