Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Kirola

Nazioarte mailako maisuak Beasaingo Shorinji Kempo taldearen 35. urteurreneko ospakizunean

2017/04/24

Beasaingo Udalaren babesarekin datorren asteburuan burutuko da Beasaingo Shorinji Kempo taldearen 35 garren urteurrena ospatzeko ekitaldi nagusia.

Goierri Urola Shorinji Kempo Eskolak (GUSKE), egitarau berezia antolatu du apirilaren 28, 29 eta 30rako. Beasaingo udaletxean burutu den aurkezpenean, GUSKEko ordezkari Juan Lasa eta Udaleko Alkatea eta kirol arduradunak bildu dira. Nazioarte mailako topaketa honetarako prestatu dituzten ekintzen artean bi dira aipagarrienak:

Alde batetik asteburuan zehar izango den nazioarteko ikastaroa, International Kempo Asociation-ek (IKA) babestua eta bestetik, larunbatean, goizeko 11:30tan eskainiko den nazioarteko erakustaldia Beasaingo Antzizar kiroldegian. Hau herritar guztiei irekia izango da eta 280 partaide inguru biltzea espero da, hoietatik %30 nazionalitate ezberdinetakoak.

Ikastaroan IKAko sensei edo maisu nagusienak izango dira (Shorinji Kempon esperientzia eta maila handiena dutenak), guztiak japoniarrak (arte martziak honen jatorria): Tameo Mizuno, Takaaki Ito, Junhashi Yoshinaga eta Yasue Kadowaki. Beraiekin batera, maila goreneko beste maisu batzuk ere izango dira Suitza eta Britainia Handitik etorriak, besteak beste Bazz Smith, Richard Jarman eta Mike Sadler, azken hau IKAko presidentea.