Udalak izendatzen duen Ohorezko Beasain Saria Beasain Kirol Elkarteak jasoko du
Saridunen artetik epaimahaiak erabakitako Sari Nagusia nork jasoko duen galan bertan jakinaraziko da
Datorren abenduaren 28an arratsaldeko 19:00etan Igartzako jauregian, 2022. urteko Beasain Kirol Sarien gala burutuko da. Bertan, modu batera edo bestera aurten Beasaingo edo Beasainen kirol alorreko jarduera bultzatzen, sustatzen edota emaitzetan nabarmendu diren pertsonen eta erakundeen aipamen berezia egitea eta jende aurreko aitortza eta esker ona adieraztea da helburua.
Sarien oinarrietan adierazita dagoenez, herritarrek sarituak izateko hautagaiak proposatzeko emandako epearen ondoren, aldez aurretik izendatutako epaimahaiak proposamen guztiak aztertu, izangaien merezimenduak baloratu eta urteko sariak eta aipamen bereziak erabaki eta jakinarazi ditu. Hartara, 2022an Beasain Kirol Sarietan ondorengoak izango dira sarituak:
Urteko aipamen bereziak:
- Emakumezkoen Lasterkari Taldea (Bealak Kluba)
- Izaro Jerique, Maria Izquierdo eta Eneko San Roman (Lorea CEWK wushu)
- Emakumezkoen Esparru eta Pagoeta saskibaloi taldeak (BKL saskibaloia)
- Gizonezkoen Arri eta Murumendi saskibaloi taldeak (BKL saskibaloia)
- Jone Gisasola (Eski Alpinoa)
- XV. Mendi Astea (Arrastaka eta Aizkorri Mendizale Elkarteak)
- X. Igartzako Mendi Duatloia (Trigoi eta Igarloi)
- Enai Pascual (Saskibaloiko jokalaria)
- Joseba Andoni Erauskin “Pepe” (BKL saskibaloia)
- Urko Etxebeste (Atletismoa)
- Asier Larrañaga (Eskubaloia)
- Beñat Urretabizkaia (Powerlifting)
- Iñigo De la Hera (Gipuzkoa Basket saskibaloia)
Emakumezko kirolaria edo taldeari saria: Elena Calvillo Arteaga (mendi lasterkaria)
Gizonezko kirolaria edo taldeari saria: Ekain Imaz Agirre (Errugbi jokalaria)
Urteko kirol jardunaldia: Goierriko Mendizale Beteranoak
Erakunde babeslea: Indar Ingeteam
Beasaingo Udalak izendatutako Ohorezko Beasain Saria: Beasain Kirol Elkartea (2. RFEF mailara lortutako igoera)
Saritu guzti hauetatik, epaimahaiak erabakiko du zein izango den “2022ko Sari Nagusia” eta hori sari emate galan emango da jakitera.
Ekitaldian, aurrez erabakitako sail, kategoria eta genero bakoitzeko sarituari dagokion oroimenezko ikurra emango zaie. Sariak ohorezkoak dira, hau da, ez dute inolako ekarpen ekonomikorik izango.
Udal gobernuak sortu duen ekimen hau 2016az geroztik burutzen da. Kirola interes publikoko jarduera soziala izanik, pertsonen trebakuntza nahiz garapen integralean du eragina, norbanako zein taldeen bizi kalitate eta ongizatea hobetzen lagunduz. Hau ardatz hartuta, egitasmo honen bidez, Beasainen kirol alorreko jarduera bultzatzen, sustatzen edota emaitzetan nabarmendu diren pertsonen eta erakundeen lana balioan jarri, aitortu eta goretsi nahi da.