Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Kirola

Zuk badezakezulako! Emakumezkoak mendi lasterketetara hurbiltzeko

2017/06/01

Beasaingo Udalak Ehunmilakeko antolakuntzarekin elkarlanean, emakumeak Kirola egitera eta bereziki mendiko lasterketetan parte hartzera animatu nahi ditu. Berdintasunaren alde lanean, batez ere emakumeei zuzendutako ekimena aurkeztu dute Beasaingo udaletxean.

Zuk badezakezulako!  lelopean, hiru irteera edo entrenamendu saio antolatu dira Jon Aranburu prestatzaile fisikoaren eskutik. Irteera hauetan Ehunmilak lasterketaren baitan antolatzen den Mari Murumendi mendi maratoiaren ibilbidearen zati ezberdinak egingo dira.

Irteera hauek ekainaren 11, 17 eta 25ean burutuko dira. Emakumezkoak animatu eta motibatzeko aurkezpenean Maider Gaztañaga triatleta, Izaro Rubio korrikalaria eta Elena Calvillo mendi lasterkaria izan dira Aitor Aldasoro Beasaingo Alkatea, Mikel Valdivielso Ehunmilakeko arduraduna eta Jon Aranburu prestatzailearekin batera.

Aldasorro alkateak kirolean berdintasunaren alde urratsak ematen jarraitzeko, kirolak emakumezkoak bereganatu behar dituela aipatu du eta “mendian korrika egitea zer den ezagutarazi behar da. Horrelako ekimenak bultzatuz helburu hori lortu nahi da”. Mikel Valdivielsok bere aldetik aurtengo finisher jantziak emakumezkoentzat bereziki egin diren lehen aldia izango dela ere erantsi zuen alkatearen hitzen ondotik. “Hau honela egiten duen lasterketa bakarrenetakoa izango gara” aipatu zuen, “batez ere arropak egiten dituztenek ze zailtasun dituzten jakinik”.

Aurkezpenean egondako hiru kirolariek, emakumeak animatu zituzten eurekin batera irteera hauetan parte hartzera. Mari Murumendi Maratoiko parajeak ezagutuko dituzte. Hiru irteeretara etortzea ez da derrigorrezkoa izango eta gainera kirola egitera etortzeaz gain giro horretan elkarrekin harremanetan jartzeko aitzakia ezin hobea izan daiteke.

Jon Aranburu pretatzaile fisikoak bere aldetik irteera hauetako xehetasunak argitu zituen. Ez da derrigorrezkoa izango federatuta egotea, etortzen diren guztiei asegurua egingo zaie. Materiala helmugara eramango da eta jan-edana izango da denentzat. Irteera bakoitzeko ibilbidea hau izango da: ekainaren 11an, Beasain-Mandubia (11 Km, 1.010 m-ko desnibela), ekainaren 17an, Mandubia-Arriaran (18 Km, 864 m-ko desnibela) eta ekainaren 25ean, Arriaran-Beasain (10 Km, 984 m-ko desnibela).

Izena emateko Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko. helbidera idatzi beharko da irteera eguneko azken ostirala baino lehen. Lehiakortasunetik at, garrantzitsuena kirola egitea izango da.