Euskararen Nazioarteko Egunaren harira beasaindarrak Euskararen egunari buruzko ekitaldi berri honetan parte hartzera gonbidatu nahi ditu Udalak euskaraz aritzeko aurrerapausoa emateko
Euskararen erabilera sustatu eta indartzeko, abenduaren 2an Gernika pasealekuko frontoia hainbat ekitaldiren topaleku bihurtuko da herriko elkarte eta eragileen parte hartzearekin
Txuku-mutxu ...zatoz hiztunen trenera! lelopean, beasaindar guztiak euskal hiztunen trenera igotzera deituta daude. Abenduaren 2an, goizeko 10:00etatik hasita Gernika pasealekuko frontoia, Euskararen Nazioarteko Egunaren aitzakian, antolatu diren ekitaldi guztien erdigunea izango da. Erronka, egun osoz dinamizatuko diren ekintza guztietan euskaraz etengabe aritzea izango da.
Herriko kultur elkarte, kirol talde, ikastetxe eta bestelako herriko eragileak egun osoan Gernika pasealekuko frontoian jarriko den oholtza gainetik pasako dira eta bertan etenik gabe euskaraz aritzea da egun horretan beasaindarrei bota nahi zaien erronka.
Bertan izango dira, Ikastetxeak, Eskola Kirola, Kantujira, Gaztetxea, Erromeri taldea, Udal Euskaltegia, Aurtzaka eta Ostadar dantza taldeak, Goieniz zine kluba, Beasain Kirol Elkartea, Musika eskola ( Musutruk, trikitilariak, Hellriders), Musika taldeak (Gureran , Pho-Bo), Txistulari taldea, Loinaz Abesbatza eta oraindik batuko diren hainbat gehiago. Abenduaren 3an Euskararen Nazioarteko Eguna izango da, eta egun hori erabili nahi da euskal hiztun beasaindarrak festa giroan biltzeko.
Ekitaldien artean, bertaratuko diren guztiei eskainitako otordua prestatuko da eta horretarako tikeak jarriko dira salgai. Horretaz gain, egun hau adieraziko duten esamoldeekin argazkiak ateratzeko aukera egongo da eta leloa eta logoa eramango duten hainbat produktu, pegatinak, poltsak, eta abar eskuragarri egongo dira. Herritar guztiak beraz ekitaldira gonbidatuak daude.
Aipatu, abenduaren 2ko ekitaldian modu batera edo bestera parte hartu nahi duen oro gonbidatua dagoela. Horretarako, Udaleko euskara sailarekin harremanetan jarri daiteke. Ekimen honek urtetik urtera jarraipena izango du.
Euskararen erabilera Beasainen
Beasaingo udalerrian egindako azken kale neurketek eta 2016an Euskal Herri mailan euskararen kale erabilera zenbatekoa den ikusteko egindako azterketen emaitzek erakusten dute herriko kaleetan euskararen erabilera apala dela, batez ere ezagutza datuarekin alderatzen badugu. Erabilera indartsu mantendu nahi bada euskal hiztunak aktibatu eta hizkuntzaren erabileraren garrantziaz jabetu egin behar dira.
Joera hau, esan bezala, ez da Beasaingo bakarrik, Euskal Herri osoan antzeko joera da nagusi. 2018ko udazkenerako Eusko Jaurlaritza eta Euskaltzaleen Topagunea “11 egun euskaraz” egitasmoa jarri du martxan. Egitasmo honen bidez 16 urtetik gorako herritarrak hizkuntza ohiturak aldatzeko eta egunerokoan euskaraz bizitzeko urratsak eman ditzaten herritarrak aktibatu nahi dira.