Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Kultura

Haurrentzako hizkuntza errefortzurako zerbitzuan izena emateko epea irekita

2018/09/12

2007 eta 2014 urteen artean jaiotako haurrentzako euskararen erabilera indartzeko udal zerbitzuak, ikasturte berrirako izenematea irailaren 19a arte izango du zabalik

Gurasoek, eskoletan banatutako izenemate orriak bete eta Loinazko San Martin plazaren azpian dagoen espaziora eraman beharko dituzte; zerbitzua irailaren 24an hasiko da martxan eta 20an gurasoei zuzendutako bilerak burutuko dira

             Ikasturte berriaren hasierarekin batera, egungo udal gobernuak duela hiru urte martxan jarritako euskararen erabilera indartzeko zerbitzuak ireki du 2018-2019ko ikasturterako izena emateko epea. Aurreko egunetan izena emateko orriak ikastetxeetan banatu ostean, gurasoek orain hauek bete eta Loinazko San Martin plazaren azpian dagoen espazioan utzi beharko dituzte. Dokumentazioa uzteko azken eguna irailaren 19a da eta ordutegia honakoa; goizetan 10:00etatik 12:00etara eta arratsaldetan 16:30tatik 19:00etara.

            Zerbitzuak irailaren 24an irekiko ditu ateak baina horren aurretik irailaren 20ean guraso bilerak egingo dira Udaletxeko batzar aretoan: 2011, 2012, 2013 eta 2014 urteetan jaiotakoak, 18:00etan eta 19:00etan 2007, 2008, 2009 eta 2010 urteetan jaiotakoak. Taldeak osatzen direnean ikastetxeei ikasleen zerrendak bidaliko zaizkie, itxaron zerrendan geratu direnak ere kontutan hartuta.  

            Ikasturtean zehar zerbitzuan gertatzen diren alta eta bajak kontutan hartuta, aurten zenbait irizpide ezarri dira arlo honi dagokion kudeaketa hobetzeko. Alta berri bat dagoenean, ikastetxean hartu beharko da orria eta zerbitzura joan beharko da izenematea egitera. Bajak emateko gutxienez bi aste zerbitzura agertzen ez denari deitu egingo zaio. Baja bere kabuz egiten duenak ikastetxearen bidez edo zerbitzuan bertan adierazi beharko du.

Haurren artean euskararen jakintza eta erabilera sustatzea helburu

Udal gobernuak legegintzaldi honen hasieratik bere helburu nagusien artean hizkuntza politikarekin eta euskararen presentzia eta normalizazioarekin lotura zuzena duen egitasmoari segida ematen jarraitzen du. Herriko ikastetxeekin elkarlanean, gaztetxoenen artean euskararen jakintza eta erabileran zailtasunak dituztenei doakoa den zerbitzua eskaintzea izan du xedea. Hargatik, ikastetxeek behar hori duten erabiltzaileak atzeman eta zerbitzura bideratzea izan da lehentasuna.

Zerbitzua ematearen ardura Ttakun enpresa lasartearrarena da bi udal espazioetan: Loinazko San Martin plaza azpian eta Ezkiaga auzoan. Azken bi urteetan bataz beste guztira 150 haur izan dira zerbitzu honen hartzaileak. Oro har, haurrei laguntza eskaintzen zaie euskararen ikuspegitik, eskolako lanetan eta euskararen lanketa eskatzen duten dinamika eta jolasetan. Hizkuntza errefortzurako zerbitzua ekainaren 30a arte eskainiko da.