Beasaingo Udalak dantzan.eus elkartearekin euskal dantzen sustapenerako duen hitzarmenaren baitan eskainiko da formazioa irailaren 22an Antzizar kiroldegian
Beasaingo Udala eta dantzan.eus elkartearen elkarlanaren ondorioz, euskal dantza tradizionalen jakintza eta formazioa sustatzeko hurrengo saioa antolatu da. Oraingo honetan Zuberoako dantzakerari buruzko formazio ikastaroa izango da eskainiko dena.
Ikastaroa datorren irailaren 22an eskainiko da Beasaingo Antzizar kiroldegian, goizeko 10:00etatik 13:00etara. Hartzaile zuzenak herriko dantza taldeetako kideak eta dantza munduan sakondu eta trebatu nahi duen oro dira. Ikastaroaren irakaslea Altzaiko (Zuberoa) Dominika Rekalt “Titika” dantza-maisua izango da.
Zuberoan ezagunen diren dantzen pausoak eta dantza-jauziak oinarri hartuta, zuberotar dantzariek bakarrik ematen dioten airea eta estiloa barneratzeko gakoak emango ditu Rekaltek. Horren sinple ikusten den horrek, eta gero egiteko horren sotil eta era berean zail bihurtzen diren ñabarduren bila arituko dira ikastaroan. Izena emateko eta informazio gehiagorako dantzan.eus helbidera jo behar da.
Euskal dantza eta tradizioekin konpromisoa
Duela bi urte, Udala eta dantzan.eus elkartearen artean sinatutako hitzarmenaren arabera, dantzan.eus elkartearen eginkizuna bi zutabetan oinarritzen da: batetik formazio saioak antolatzea (urte bakoitzeko bana, guztira lau saio, dantzariak eta dantza maisuak trebatzeko) honakoa hirugarrena izanik. Eta bestetik Beasainen errotzen doazen euskal dantza ekimenak sendotzeko eta egonkortzeko proiektua gauzatzea. Dantzan.eus elkartearen ordezkariek, Oier Araolaza eta Josu Garatek, Aitor Aldasoro alkateari aurkeztu zioten proiektuaren zirriborroa. Honek aipatutako helburua lortzeko lan ildo nagusiak zehazten zituen. Hitzarmenaren arabera, proiektuaren behin betiko dokumentua 2019ko martxoa bitartean garatzeko konpromisoa hartu da.