Hemendik aurrera hizkuntza ohituren aldaketari eustea da helburua eta euskararen erabilera areagotzea
Udalaren sustapen eta babesarekin, Beasaingo Euskaraldia sustatzen eta egitaraua antolatzen jardun den herritarren taldeak bere esker ona adierazi nahi die herritar parte hartzaile guztiei. Lortutako atxikimendua txalogarria izan da, 2.500 herritarretik gora, eta Euskararen Nazioarteko Egunean egindako amaiera ekitaldiarekin batera honako mezua zabaldu du.
“Lehenik eta behin zorionak beasaindar guztoi Euskaraldian izan duzuen parte-hartzeagatik. 11 egun hauetan, txapa soinean, euskarazko elkarrizketei eusteko egin duzuen ahaleginagatik, erakutsi duzuen prestutasunagatik eta eman diozuen erantzugatik.
Iritsi gara 11 egun horien amaierara, baina ariketa ez da hemen amaitzen. Egun hauetan egindako ohitura aldaketa horiek egonkortu egin behar ditugu eta 365 egunez jarraitu, datorren urteko abenduaren 3a bitartean.
Horixe da hain zuzen ere Euskaraldiaren antolaketan aritu garen batzordeko kideok eskatu nahi dizueguna, gaurtik aurrera ere, txapa jantzita ariketa egiten jarraitzeko, hizkuntza ohitura horiek egonkortu daitezen”.
Bestalde Euskararen Nazioarteko Egunari lotuta, Udalak Eudelen adierazpen instituzionalarekin bat egin du, aurtengoa estu lotuta dago Euskaraldia ekimenarekin.