Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Kultura

Ane Etxezarretak piztuko du Loinatz jaiei hasiera emango dien txinparta

2019/05/29

Bere ikasleak diren Murumendi eskolako haurrekin batera piztuko du jaiei hasiera emango dien danbatakoaren txinparta udaletxetik ostiral honetan arratsaldeko 18:00etan

2019ko Loinatz jaiei hasiera ofiziala emango dien danbatakoan izango da Ane Etxezarreta Murumendi eskolako ikasleekin batera. Errealeko jokalari beasaindarrak 2018an Beasain Kirol sarietan emakumezko kirolari onenari saria jaso zuen eta duela aste batzuk errealeko nesken taldearekin erreginaren kopako txapeldun izan da.

Errealeko nesken taldeak Gipuzkoan zehar egindako bidaian, Beasainen egin zuen geldialdia. Anek ezin zuen bisita horretan egon beste konpromiso batzuk hartuak zituelako. Udalak eta alkateak egindako harreran, Aneri eskeinitako plaka bat jaso zuten bere taldekideek.

Harrera hartan egon ez zenez, Beasaingo herritarrengandik merezi duen omenaldia jasotzeko bere eskolakoak diren ikasleekin batera parte hartuko du Loinatz jaiei hasiera ofiziala emango dien danbatakoan. Hori horrela, ostiral honetan arratsaldeko 18:00etan piztuko du danbatakoaren txinparta jokalari txuri-urdinak.

Atzo jakindako berriaren arabera, Anek beste bi urterako berritu du errealarekin bere kontratua, beraz 2021 arte jantziko ditu kolore txuri urdinak. Laugarren urtea bete du errealean, aurretik Oiartzunen izan zen urte betez Beasain Kirol Elkartetik fitxatua izan ondoren.