Inaugurazioaren ostean beste hiru ekitaldik osatuko dute erakusketaren baitan antolatutako egitaraua, tartean ibilaldia, hitzaldia eta ikus-entzunezko emanaldia
Antonio Menchen, Ion Arregi, Martin Ferran eta Koenraad Van den Driessche eta Nestor Basterretxearen artelanak daude ikusgai
Arriarango urtegiko Nestor Basterretxearen eskultura erraldoiaren barneko gela batean inauguratu da “Barru, barren, barrene” izeneko erakusketa. Uztailaren 14a arte egongo da ikusgai leku honetan eta bertan daude jada Antonio Menchen, Ion Arregi, Martin Ferran, Koenraad Van den Driessche eta Nestor Basterretxearen artelanak.
Beasaingo Udalak babestu eta lagundu duen erakusketa hau Eremuak deituriko proiektuaren barruan aurkitzen da. Eremuak, praktika artistikoen testuingurua euskal esparruan inplementatzeko prestatutako espazioa da. Helburu nagusia artistentzat eta sortzaileentzat plataforma bat eskaintzea eta errealitate artistikoko behatoki gisa funtzionatzen duen lantokia prestatzea da. Halaber, eztabaida eta topaketa giro bat sortzen laguntzea da artearen inguruko politika publikoak eta kulturaren arloko jarduera garaikideentzat garrantzia duten beste gai batzuk jorratzeko, hitzaldi, mintegi edota lan-mahaien bidez.
Hartara, erakusketaren osagarri beste hiru jarduera antolatu dira. Behin erakusketa inauguratuta, ekainaren 15ean Goi-geoibilaldia antolatu da Harriak entzuten izenburupean. Irteera goizeko 10:00 izango da Arriarango urtegian. Ekainaren 21ean, “Barru, barren, barrene eta Harriak programa Beasainen” hitzaldia eskainiko du Nader Koochakirek, arratsaldeko 19:00etan Igartzako jauregian. Uztailaren 4an Antonio Menchenen partaidetzarekin Arbeiter verlassen die Fabrik (1995 Farocki) proiekzioa eta solasaldia izango da Igartzako jauregian 19:00etan eta azkenik uztailaren 6an 9:30ean, geo ibilaldia “Harriak entzuten behe kretazikoa” Koenraad Van den Driesscherekin Arriarango urtegian.
Erakusketa ostiral, larunbat eta igandetan egongo da zabalik 10:00etatik 13:30era. Astean zehar aldez aurretik txanda eskatuta bisita egin ahal izango da.