Uztailetik abendura bitartean musika estilo ezberdinak bilduko dituen programazioa indartu egin da inbertsioari dagokionez erreferentziazko taldeen emanaldiekin
Benito Lertxundi, Gabacho Maroc, Hezurbeltzak, Demode Quartet, eta bertako Maria Amolategi eta Victor Sanchez, Aurtzaka, Narama eta Loinatz abesbatzen emanaldiak eta ohiko Igartza Musika Bekaren entzunaldiak izango dira besteak beste programazioan
Beasaingo Udalak musikaren alde sortutako egitasmoak beste urrats garrantzitsua eman du 2019ko musika emanaldien programazioan. Igartza Musika Programak jendearen harrera ona eta erantzuna jasotzen jarraitzen du eta antolatzaileen aldetik aurtengo bigarren sei hilabeterako programazioan esfortzu garrantzitsua egin du emanaldien antolaketan. Inbertsioa indartuz estilo anitzeko emankizunak bildu dituzte programazioan eta Igartzako jauregian egindako aurkezpenean halaxe adierazi dute arduradunek.
Orotara hamar ekitaldik osatzen dute egitaraua. Xabier Matarranz Beasaingo Udaleko ordezkariak aurkezpenean adierazi duenez erreferentziazko emanaldiak izango dira, musika oinarri dutenak baina estilo eta joera anitzekoak, Igartza Musika Programaren sorreratik eutsi zaion helburuari jarraituz. Musika joera ezberdinak nahastuz kalitatezko programa baten baitan denak biltzea izan du xedea hasieratik Igartza Musika Programa egitasmoak eta laugarren edizio honetan ere horri eusten jarraitzen dugu adierazi du. Dibertsitate eta aniztasun horren baitan, herritarrak, euskaldunak zein atzerriko artistak biltzen ditu oraingo programa erakargarri honek eta jendearen gustu ezberdinak asetzeko modukoa dela gaineratu du.
Igartza Musika Programak bigarren sei hilabeteko honetako programaren 10 emanaldiak xehetu ditu Xabier Sarasola programa antolatzeaz arduratu dena Arantxa Gastesirekin. Lehen emanaldia uztailaren 11an izango da Gabacho Maroc taldearen eskutik Erauskin plazan. Nazioartean egiten ari den biran geldialdia egingo du Beasainen jatorriz Frantziako, Espainiako eta Marokoko musikarien nahasketa duen taldeak. Uztailaren 19an Igartzako jauregian Jon Maia bertsolaria partaide duen Hezurbeltzak taldea izango da eta zehaztu dutenez Arrano Kultur Elkarteak antolatzen duen emanaldia izango da hau. Abuztuaren 1ean Bideluze plazan antzerkia eta musika batzen dituen Demode Quartet laukoteak eskainiko du bere ikuskizuna. Irailaren 27an Maria Amolategi eta Victor Sanchez beasaindarren proiektu berria entzuteko aukera izango da Igartzako jauregian. Irailaren 29an aldiz, Aitor Garitano tenore bergarar gaztea Gerardo Rifon piano jotzailearen laguntzarekin eskainiko du emanaldia. Urriaren 25ean aurkezpen gutxi behar duen Benito Lertxundiren kontzertua izango da Usurbe antzokian eta 31an Tolosako abesbatza lehiaketaren garaian ohi denez Belgikako Swara Vocal Ensemble abesbatza izango da Beasainen Igartzako jauregian. Azarora pasaz 30ean, Andre Mari zeruratuaren parrokian Loinatz abesbatzak Aurtzaka dantza taldearekin eskainiko du kontzertua azken honen 40garren urteurrena dela aprobetxatuz. Aurkezpenean bi talde hauetako partaide diren Belen Callejo eta Aitor Furundarena izan dira eta ezustekoz betetako emankizuna izango dela aurreratu dute. Aurretik azaroaren 16 eta 17an Musikenerekin Udalak duen hitzarmenaren baitan Igartza Musika Bekako musikari gazteen entzunaldiak izango dira. Eta abenduan azkenik, 22an Loinatz abesbatzaren kontzertuak itxiko du 2019ko Igartza Musika Programaren egitaraua El Mesias obra abestuz. Eguberriko kontzertu honetan bildutakoa Cáritas-entzat izango da eta aurkezpenean ez dute argitu zein orkestra izango duten lagun emanaldian.
Igartza Musika Programaren helburuak eta apustua berdina izaten jarraitzen du, musikari lotutako kalitatezko emanaldi erakargarriak eta anitzak antolatzea bertako eta kanpotik ekarritako musikariekin, eta horren berri beasaindarrei eta oro har publikoari jakinaraztea. Egitarau oparoa eta anitza eta Xabier Matarranzek azpimarratu duenez, egitasmoaren sorrerako helburuei jarraituz, herriko elkarteekin elkarlanean, bertako musikari eta egileak eta kalitatezko musika estilo eta joera ezberdinak tartekatzen dituen egitaraua osatzea izan da asmoa.