Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Kultura

Loinazko San Martin egunaren inguruko egitaraua aurkeztu da

2020/02/03

Beasaingo Odolkiaren kofradiak XXXV. Kapitulua ospatuko du eta Arrastaka mendi taldea eta Ander Gonzalez sukaldaria kofradiako kide berriak izendatuko ditu. Aranealde erretiratuen elkarteak bere aldetik, Carmen Cerdeira Rodriguez eta Maximo Ibañez Gomez bazkide adinekoenak omenduko ditu eta eguna borobiltzeko Murumendi pilota eskolako haurren partiduak eta musika ibiltaria izango da kaleak girotzen.

Beasaingo zaindariaren egunari nortasuna emateko helburuz Beasaingo Udalak herriko elkarteekin batera landu duen egitaraua aurkeztu du beste urte batez. Otsailaren 5a Loinazko San Martin misiolari beasaindarra hil zuteneko data izanik, haren omenez jai egun izendatutako eguna da.  Hori horrela, ospakizunez betetako egitarau bateratua aurkeztu dute Udala eta kasu honetan Beasaingo Odolkiaren Kofradiak eta Aranealde elkarteak. Egun hau egutegian nabarmendu asmoz, errotuz jarraitzen duten hainbat ekimen errepikatuko dira datorren asteazkenean, Udalak herritarren eta bertako eragileekin elkarlanean antolatutako egitarauan.

Udaletxeko batzar aretoan burutu den aurkezpenean  Aitor Aldasoro alkatearekin batera, Juanjo Ganzarain eta Julio Escalante odolki kofradiaren kideak eta Carlos Posa Aranealde elkarteko ordezkaria izan dira bi elkarteek antolatutako ekitaldien berri ematen.

Alkateak Loinazko San Martin eguna beasaindarron artean egun seinalatua izaten jarraitzeko asmoari eutsi dio. Horretarako egunari balioa emateko, ekitaldiak egitarau bateratu batean azaltzeak duen garrantzia azpimarratu du. Halaber, esker ona adierazi die lan horretan jardun diren elkarte eta herritarrei.

Bezperan ekitaldi gastronomikoa

Asteartean, bihar, ekitaldi gastronomikoa antolatu dute Odolkiaren kofradiakoek Ordiziako gaztaren kofradiaren laguntzarekin. Igartzako jauregian izango da eta helburu solidarioa izango du. Idiazabal gazta eta odolkia banatuko dira eta Iñurrieta upeltegiak ere parte hartuko du. Sarrera 10 euroan izango da. Aurrez izena eman beharko da 666 387407 telefonora deituta. Bildutako dirua gobernuz kanpoko Zaporeak elkartearentzat izango da.

Loinazko San Martin egunean protagonismo berezia izango du Beasaingo odolkiaren kofradiak. Aurten 35. Kapitulua ospatuko du eta kofradiako kide berriak izendatuko ditu. Ohore hori aurten honako elkarte eta pertsonak jasoko dute: Ander Gonzalez sukaldari eta TB aurkezleak eta Beasaingo Arrastaka Mendi Taldeak, Ehunmilak lasterketen antolatzailea. Juanjo Ganzarain kofradiako kideak adierazi du aurten 25 kofradietako ordezkariak izango direla Beasainen, iaz baino lau gehiago; 4 iparraldetik, 1 Galizatik, 2 Asturiastik, 1 Kantabriatik, 5 Nafarroatik, 1 Errioxatik, 1 Cordobatik eta 10 Hego Euskal Herrikoak. Ekitaldi nagusia eguerdiko 12:00etan burutuko da Loinazko San Martin plazan baina aurretik eta ondoren kanpotik datozen kofradiei ongietorria, meza nagusia, zaindariaren estatuan lore eskaintza eta dantza, odolki dastatze herrikoia eta adiskidetasun bazkaria ere egingo dira.

Aranealden bazkide helduenei omenaldia

Aranealde jubilatuen egoitzan egingo den ekitaldi nagusia bazkide helduenei egingo zaien omenaldia izango da. Aurten Carmen Cerdeira Rodriguez (91) eta Máximo Ibañez Gomez (92) izango dira omenduak. Hala aurreratu du Carlos Posa ordezkariak. Eguerdian Aranealden bazkideentzako hamaiketakoa eskainiko dute. Arratsaldeko 17:00etan omenaldi ekitaldia egingo dute eta segidan Aurtzaka dantza taldeko haurren dantza saioa izango da. Ondoren Aranealde elkarteko Lerro dantza taldeak emanaldia eskainiko du eta honen ostean Gurea abesbatzaren ekitaldia izango da. Dantzaldia gaueko 21:00ak arte iraungo du.

Musika, pilota partiduak eta igandean “Urrezko aizkora txapelketa”

Kirolak eta musikak bere tartea izango dute jai egunean. Murumendi pilota eskolako haurren partiduak arratsaldeko 17:00etan jokatuko dira Gernika pasealekuko frontoian. Etorkizuneko pilotariak ikusteko aukera ezin hobea izango da. Musika ere kalez-kale barreiatuko du “Benta zaharreko mutiko alaiak” taldeak arratsaldean zehar iluntze aldera artea.

Aurten urrezko binakako aizkolari txapelketa otsailaren 9an, igandea, eguerdiko 12:00etan izango da Antzizar kiroldegian.