Aurkeztu ziren 16 lanetatik “Ez erran inori” izeneko proiektuak jaso du edizio honetako saria
Iazko irabazle Irati Goikoetxeak “Herriak ez du barkatuko” lana entregatu eta sariaren bigarren zatia jaso du ekitaldi berean
XXIII. Igartza Literatura Beka sariaren edizioko irabazlea Maddi Ane Txoperena Iribarren lesakarra izan da “Ez erran inori” proiektuarekin, hala erabaki baitu Ana Jaka, Irati Jimenez eta Garazi Kamiok osatutako edizio honetako epaimahaiak.
Igartzako jauregian Covid 19ak eragindako babes neurriekin egindako ekitaldian, egileak “Ez erran inori” proiektuaren kontakizuna zertan datzan aurreratu du; umetan sexu-abusuak jasandako neska baten (Lide) istorioa kontatzen du: gertakari hori barruan lozorroan gorderik eduki ondoren hainbat urtez, piztia ernatzen zaio eta mina berpizten. Erruduntasun-sentimenduek eta autoestimu-faltak jazarrita, sexuan hartu nahiko du babesa: harreman korapilatsuetan, lagunarte konplikatu batean.
Aurkezpenean Elkar-en izenean Xabier Mendiguren, CAFenean Joxe Begiristain eta udalaren aldetik Xabier Matarranz izan dira sarituarekin batera. Maddi Txoperenak proiektuarengatik 6.000 euroko sariaren erdia eta garaikurra jaso ditu sariaren ordezkarien eskutik eta urte beteko epea izango du liburua amaitzeko.
Bertsolari, idazle eta kazetari
Aurtengo irabazlea 1994an Hendaian (Lapurdi) jaioa den arren, Lesakan bizi da. 8 urte zituela hasi zen Hendaiako bertso eskolan, Kristine Txoperena ahizpak animatuta. Euskal Herriko eskolarteko txapela jantzi zuen 2011-an, eta hainbat gazte sariketatan parte hartu du. 2012-an Xilaba Xiberoa Lapurdi eta Baxenabarreko Bertsolari Txapelketan parte hartu zuen. Gaur egun Bortzirietako bertso eskolan aritzen da. Gizarte Antropologiako ikasketak egiten ari da, Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU), kazetari eta kolaboratzaile lanetan arituz Berria eta Topatu.eus komunikabideetan. 2020. urtean Gazteluma bekari esker, Ene baitan bizi da nobela laburra idatzi du. Sari honi batu zaio orain, Igartza Literatura Beka.
Ekitaldi berean, iazko irabazleak, Irati Goikoetxea Asurabarrena beasaindarrak, “Herriak ez du barkatuko” lana entregatu ostean diru sariaren bigarren zatia jaso du eta datorren urteko otsailean aurkeztuko da liburua.
Idazle gazteen sorkuntza-lana saritzea
Igartza Literatura beka saria Beasaingo Udalak idazle berrien sormena bultzatzeko helburuarekin sortu zuen. Baldintza nagusiak, 35 urte bete gabe izatea, aurretik lan argitaraturik izatekoetan helduentzako bi liburu baino ez izatea eta lanak jatorrizkoak eta euskaraz sortuak izatea dira.
Elkar argitaletxea eta CAFen laguntzarekin XXIII. edizioa izan den honetan, 16 lan aurkeztu dira. Horietatik 9 emakumeenak eta 7 gizonezkoenak. Aurkeztu diren lanen jatorriari dagokionez 10 gipuzkoarrak, 2 nafarrak, 2 bizkaitarrak eta 2 arabarrak izan dira.
Orain arteko irabazleak:
LIBURUA | IGARTZA SARIA | URTEA | ARGIT. URTEA | EGILEA |
---|---|---|---|---|
TUBABU | I.ª | 1994 | Jon Arretxe Perez | |
CONNEMARA GURE BIHOTZETAN | I. beca | 1998 | 2000 | Julen Gabiria Lara |
EGUN DENAK EZ DIRA BERDIN | II. beca | 1999 | 2001 | Xabier Etxeberria Garro |
KORAPILOAK | II. beca accesit | 1999 | 2001 | Jasone Osoro Igartua |
ORTZADARRA SUTAN | III. beca | 2000 | 2002 | Fernando Morillo Grande |
VAN´T HOFFEN ILEA | IV. beca | 2001 | 2003 | Unai Elorriaga Lopez de Letona |
HAN GOITIK ITSASOA IKUSTEN DA | V. beca | 2002 | 2004 | Julen Gabiria Lara |
KARONTE | VI. beca | 2003 | 2005 | Asel Luzarraga Zarrabeitia |
AMAREN ESKUAK | VII. beca | 2004 | 2006 | Karmele Jaio Eiguren |
LILE | VII. beca accesit | 2004 | 2006 | Peru Magdalena Arriaga |
AULKI BAT ELURRETAN | VIII. beca | 2005 | 2007 | Uxue Alberdi Estibaritz |
ERO | IX. beca | 2006 | 2008 | Jon Martin Etxebeste |
HABITAT | X. beca | 2007 | 2009 | Katixa Agirre Miguelez |
NORA EZ DAKIZUN HORI | X. beca accesit | 2007 | 2009 | Irati Jimenez Uriarte |
KATU JENDEA | XI. beca | 2008 | 2010 | Eider Rodriguez Martin |
MEA CULPA | XII. beca | 2009 | 2011 | Uxue Apaolaza Larrea |
BESTE NORBAITEN ZAPATAK | XIII. beca | 2010 | 2012 | Garazi Kamio Anduaga |
GELTOKIAK EDO HELDUTA ENTZUTEKO ABESTIAK | XIV. beca | 2011 | 2013 | Goiatz Labandibar Arbelaitz |
ERRAIAK | XV. beca | 2012 | 2014 | Danele Sarriugarte Mochales |
EZ TIRO EGIN ANBULANTZIEI | XVI. beca | 2013 | 2015 | Mikel Ayllon Corral |
HAUTS HAIETATIK | XVII. beca | 2014 | 2016 | Unai Villena Camarero |
NOLA HELDU NAIZ NI HONAINO | XVIII. beca | 2015 | 2017 | Kattalin Miner Perez |
ZALDI MAMARROA | XIX. beca | 2016 | 2018 | Ekaitz Goienetxea Cereceda |
BASA | XX. beca | 2017 | 2019 | Miren Amuriza Plaza |
ZENDABALITZ | XXI. beca | 2018 | 2020 | Erika Elizari Salvador |
HERRIAK EZ DU BARKATUKO | XXII. beca | 2019 | 2021 | Irati Goikoetxea Asurabarrena |
EZ ERRAN INORI | XXIII. beca | 2020 | 2022 | Maddi Ane Txoperena Iribarren |