Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Kultura

Dantza tradizionala umeekin lantzeko formazio ikastaroa Beasainen

2020/11/16

Beasaingo Udalak dantzan.eus elkartearekin euskal dantzen sustapenerako duen hitzarmenaren baitan, ikasturte honi dagokion ikastaroa hasiko du azaroaren 28an Antzizar kiroldegian

Beasaingo Udala eta Euskal Herri mailan dantza tradizionalaren gainean erreferentzia den dantzan.eus elkartearen arteko lankidetzaren ondorioz, euskal dantza tradizionalen jakintza eta formazioa sustatzeko ekimenak antolatu dituzte 2020-2021 ikasturterako. Aurten, haurrekin dantza tradizionala lantzeko lau saioz osatutako ikastaroa eta hitzaldi dantzatua programatu dira Beasainen. Hitzarmen honi esker, izena eman nahi duten beasaindarrek tokia bermatua izango dute. 

Udal gobernuak bere agintaldirako legegintzaldi planean finkatua duen bezala, nortasuna eta tradizioari lotuta Beasain euskal dantza tradizionalaren topaleku eta erreferentzia biurtzea du helburu eta tokiko dantza tradizionala egonkortu, finkatu eta honen ezagutza hedatzea. 

Ikasturte honetako ikastaroari dagokionez, datorren azaroaren 28an emango zaio hasiera eta dantza tradizionala haurrekin nola landu irakatsiko da. 

Umeekin dantza tradizionala lantzeko ikastaroa

Lau urrats eta kitto! izenpean, umeekin dantza tradizionala lantzeko eredu bat aurkeztuko dute Claude Iruretagoienak eta Jon Olazkuagak lau saioetan. Dantza tradizionala umeekin lantzeko proposamen eta baliabideak emango dituzte Maritzuli konpainiako dantza-maisuek. 1996an estreinatutako Ixtorio Mixtorio ikusgarriaren prozesuan du abiapuntua Lau urrats eta kitto izeneko formazio jarduerak eta orduan garatutako ereduan sakontzen jarraitzen dute gaur egun ere.

Lau urrats eta kitto! oinarrietara jotzeko deia da. Lau urratsekin euskal tradizio koreografikoaren zati eder bat dantzatu eta gozatu dezaketela umeek erakutsiko dute. Urrats horiek ikasiz eta bakoitzarekin egin daitezkeen dantzak jorratuz umeekin egindako ibilbidea aurkeztuko da ikastaro honetan. Ikastaroa osatzen duten lau saioetako datak hauek izango dira: 2020ko azaroak 28, 2021eko urtarrilak 9, otsailak 27 eta martxoak 13. Guztiak larunbatak, 10:00etatik 13.00etara Antzizar Kiroldegian. Beasaindarrek lekua bermatua izango dute ikastaroan. Izena emateko dantzan.eus helbidera jo behar da. 

Pamperruque, hitzaldi dantzatua

XVIII. eta XIX. mendeetan, Lapurdiko kostaldeko hiriguneetan, kalez kale, bertako jauntxoen eskutik karrikaz karrika egiten zen dantza ibiltaria zen pamperruque. Jon Olazkuagaren eskutik karrika-dantza honen gorabeherak ezagutzeaz gain, ikasteko eta dantzatzeko aukera ere izango da hitzaldi dantzatu honetan. Bi hamarkada joan dira Maritzuli taldeak karrika-dantza honen inguruko ikerketa lana hasi zuela eta 2001eko Maitaldian, berriz, kalean biziberritu zituela. Olazkuagak dantza honen inguruko dokumentazioa aztertuz jarraitu du azken urteotan, doinu, koreografia zein jantziteriaren inguruko zehaztasunak eta datu berriak gehituz Maritzuliren lanketari. Hitzaldi dantzatu hau 2021eko apirilaren 17an eskainiko da, 10:00–13.00 bitartean Antzizar Kiroldegian. Izen ematea dantzan.eus web orriaren bitartez egin behar da.

Euskal dantza eta tradizioekin konpromisoa

Udala eta dantzan.eus elkartearen artean sinatutako hitzarmenaren arabera, dantzan.eus elkartearen eginkizuna bi zutabetan oinarritzen da: batetik formazio saioak antolatzea (urte bakoitzeko bana, guztira lau saio, dantzariak eta dantza maisuak trebatzeko) honakoa hirugarrena izanik. Eta bestetik Beasainen errotzen doazen euskal dantza ekimenak sendotzeko eta egonkortzeko proiektua gauzatzea. Dantzan.eus elkartearen ordezkariek, Oier Araolaza eta Josu Garatek, Aitor Aldasoro alkateari aurkeztu zioten proiektuaren zirriborroa. Honek aipatutako helburua lortzeko lan ildo nagusiak zehazten zituen. Hitzarmenaren arabera, proiektuaren behin betiko dokumentua 2019ko martxoa bitartean garatzeko konpromisoa hartu da.

Dantzan Ikasi. Argazkia: Josu Garate - dantzan.eus CC BY-SADantzan Ikasi. Argazkia: Josu Garate - dantzan.eus CC BY-SA