Jende pilaketak saihestuz eta babes neurri zorrotzak betez, Olentzero, Mari Domingi eta errege magoek Igartzan egingo diete harrera haurrei
Igartzako jauregiaren orman proiektatuko den argi-ikuskizuna ekimen berria izango da
Eguberrietako ez ohikoak izango dira aurtengoak. Bizi dugun osasun krisiak baldintzatuta, Eguberrietarako antolatu diren ekitaldiak hainbat aldaketa eta murrizketa izango dituzte.
Horregatik, Xabier Matarranz Beasaingo Udaleko kultura zinegotziak, zein ekitaldi eta nola egingo diren argitzeaz gain, ezer baino lehen, osasuna babesteko ezarrita dauden prebentzio neurriak gogorarazi eta betetzeko deialdia egin die herritarrei; oinarrizkoenak, maskararen erabilera, distantziak eta garbitasunari dagozkionak.
Hori horrela, udalerria Eguberrietako ekintzarik gabe geratu ez dadin, bereziki haurren ilusioa ez zapuzteko, udalerrian burutuko diren ekitaldien zerrenda eta xehetasunak azaldu ditu.
Eguberrietako marrazki sariketa
Aurkezpenean, udalerriko lau ikastetxeetako haur eta irakasle batzuen ordezkaritza izan da. Izan ere, Udalak herriko ikastetxeen laguntzarekin antolatutako Eguberrietako marrazki sariketaren marrazkiekin egindako bideoa ere ezagutzera eman du. 400 marrazki izan dira guztira aurkeztutakoak eta 20 sarituak. Lehen hezkuntzako ikasleek hartu dute parte eta zinegotziak adierazi duenez adin eta ikastetxe guztietako marrazkiak izan dira sarituak. Egileei erosketa bonoak oparituko zaizkie. Bideoa Udalaren sare sozialetan eta kaleko pantailetan erakutsiko da.
Ekitaldi guztiak Igartzan eta Usurben
Xabier Matarranzek azpimarratu duenez, aurten ez da kalean ekitaldirik egingo. Osasun baldintzak bermatzea lehenetsi da eta ekitaldi guztiak areto itxietan burutuko dira; Igartzako Monumentu Multzoan eta Usurbe antzokian
Musika emanaldiak
Beasaingo Loinatz Musika Eskolak bere Gabonetako kontzertuak Andre Mari Zeruratuaren Parrokian eskainiko ditu. Narama Abesbatzak eta Harizko Orkestrak, hilaren 16an, eskeini zuten euren kontzertua eta Perkusio Taldeak, Bandak eta Koral Taldeak ostiralean, 18an, izango dute euren txanda.
Bestalde, Musika bulegoa, arte eszenikoak kudeatzen dituen erakundearen laguntzaz honako ekitaldi hauek programatu dira:
- Abenduaren 29an, Oliver Magoa. Familia osoari zuzendutako magia ikuskizuna (2 saio, 16:30ean eta 19:00etan)
- N∅gen taldearen “Under Alt” izeneko azken lanaren aurkezpen kontzertua abenduaren 30ean izango da.
- Urtarrilaren 4ean, SUAKAI taldeak, filme ezagunen soinu bandez osatutako “Argia, musika, ekin!” emanaldia eskainiko du.
- Urtarrilaren 5ean, Dantzaz konpainiak “#56” ikuskizuna eskainiko du, Nazioarteko Sorkuntza Koreografiko Zentroan egindako hiru piezek osatua. Hiru sorkuntzek dantza ikuskizun bat osatzen dute mota guztietako ikus-entzuleei zuzenduta. Dantza garaikideaz gozatzeko aukera paregabea izango da.
Emanaldi guztiak Usurbe Antzokian izango dira, erreferentziazko ordua 19:00ak, izango da.
Erakusketak
Denak Igartza Monumentu Multzoan ikusgai egongo dira. Bada irekita dagoenik, esaterako hilaren 12tik urtarrilaren 3a arte azken ia bi hamarkadetan egin den Goierriko Artisten XIX. Topaketa. Goierriko sortzaileek egindako lanak biltzen dituen erakusketa da honakoa.
Ostiralean, hilaren 18an, Udal Egutegia eratzeko antolatzen den lehiaketan parte hartu duten argazkien erakusketa inauguratuko da eta urtarrilaren 6ra arte zabalik egongo da. Argazkien gaia, Beasaingo txokorik kuttunena da.
Olentzero, Mari Domingi eta hiru erregeen harrera
Igartzako Burdinolan izango da aurten Olentzero eta Mari Domingi ikusteko aukera. Modu ordenatuan, burdinolan sarrera eta irteerak banatuko dira eta bi irisbide izango dira burdinolara sartzeko; bata errekaren aldetik eta bestea burdinolaren atzetik. Abenduaren 24an goizez 11:30tatik 13:30etara eta arratsaldez 15:30tatik 17:30tara izango dira bi protagonistak. Argazkia egiteko aukera ere egongo da, hori bai, beti ere adierazitako tokian eta arintasunez babes neurri guztiak betez (distantziak ilaran, familia unitateak errespetatuz, maskarak, garbitasuna).
Errege magoen harrera Igartzako jauregian egingo da. Hemen ere sarrera eta irteera bereiztuta egongo dira. Urtarrilaren 5ean egingo da haurren harrera 16:00etatik 19:30era, baina aldez aurretik txanda hartu beharko da. Erregeen laguntzaileak abenduaren 27 eta 28an plaza azpian egongo dira dira txandak banatzen 17:00etatik 20:00etara. Honela, jende pilaketak saihesteko helburua bete nahi da.
Argi-ikuskizuna jauregiko horman
Abenduaren 21tik urtarrilaren 6ra arte, biak barne, eta iluntze partean, 18:00-21:30 bitartean, Igartzako jauregiko horman argiz eta musikaz osatutako ikuskizun berezia proiektatuko da. Ordu laurden iraungo du eta etengabe errepikatuko da egunero aipatutako ordutegiaren barruan eskainiko da. Edukia sorpresa izango da.