Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Kultura

Idazle gazteen sormena eta euskara lotzen dituen bekak bere azken fruitua aurkeztu du

2021/03/05

Irati Goikoetxearen “Herriak ez du barkatuko” liburua aurkeztuta, aurtengo edizioan parte hartzeko epea ireki da

XXII. Igartza Literatur-sorkuntzako bekaren lan irabazleak ikusi du argia. 2019an saritua izan zen proiektua “Herriak ez du barkatuko” izenarekin Irati Goikoetxeak aurkeztu zuen eta hura garatu, landu eta ondu ondoren ikusi du argia. Igartzako jauregiak egungo osasun eta babes neurriak bermatuta hartu zituen egilea, bekaren antolatzaileak eta publikoa. Beka jaio zenetik, lehen aldia izan da beasaindar eta goierritar batek sari hau jaso duena.

Irati Goikoetxeak, “Herriak ez du barkatuko” eleberrian, mina marrazten saiatu da, forma ematen. ETAren atentatu batean Oihana pertsonaiaren aitaren hilketa oinarri hartuta bakardadea, abandonua, indiferentzia, hutsunea, ahaztura, eta elkarbizitzaz idatzi du. Liburuaren aurkezpenean idazle sarituaz gain, Beasaingo alkatea Leire Artola, Elkar argitaletxeko arduraduna Xabier Mendiguren eta CAF enpresako euskara arduraduna Joxe Begiristain egon ziren. 

Hiruek zoriondu zuten eleberriaren egilea. Artola alkateak, egitasmoari berari eman zion garrantzia; “Udalak hainbat eragileekin lankidetzan proiektu anitz eramaten ditu aurrera baina Igartza literatur beka hau ez da bat gehiago; gure nortasuna zorrozten duen harribitxi bezala ikusten dut. Beasain gure mugetatik haratago, mapan kokatzen duelako. Liburuak argitaratzen direnez, hilezkortasun bat lortzen delako eta idazle gazteentzat motibagarria eta arnasa delako. Baina bereziki eta garrantzitsuena, sormena eta euskera ekintza berean hartzen dituelako eta honela, euskera hilezkor izaten laguntzen ari garelako.

XXIV. ediziora aurkezteko epea irekita

Beasaingo Udalak, Beasaingo CAF (Construcciones y Auxiliar de Ferrocarriles) enpresaren babesarekin eta ELKAR argitaletxearen laguntzarekin, euskal kultura zabaldu eta idazle gazteen lanari laguntza emateko asmoz sortutako beka da hau. Idazle gazteentzako aurtengo Igartza literatura-sorkuntzarako bekak irekita dauka proiektuak jasotzeko epea. Oinarriak Udalbatza osoaren oniritzia jaso eta argitaratu ostean, idazle gazteek ekainaren 30era arte dute euren proiektuak aurkezteko epea. 

XXIV. edizioan parte hartzeko baldintza nagusiak hauek dira: 35 urte bete gabe izatea, aurretik lan argitaraturik izatekotan helduentzako bi liburu baino gehiago ez izatea, aurreko edizioetako Igartza Beka sariaren titularra ez izatea, narratibako lanak izatea -eleberria  edo ipuin-bildumak- eta lanak jatorrizkoak eta euskaraz sortuak izatea.

Edizio honetarako epaimahaia Oihane Amantegik, Irati Jimenezek eta Garazi Kamiok osatuko dute. Proiektuak aurkezteko udaletxeko sarrera erregistro ofizialean egitea une honetan galarazita dagoenez, on line erregistro elektronikoa erabiliz www.beasain.eus helbidean egin beharko da. Jasotako proiektu guztiak aztertu eta haien artean irabazlea zein den epaimahaiak erabakiko du 2021ko irailean. Bekaren diru kopurua 6.000 eurokoa izango da.

Igartza literatura bekak bi hitzordu nagusi izaten ditu urtean; bata liburu irabazleak argia ikusten duenean eta bestea bekaren irabazlea jakinarazten denean. Izan ere bekaren irabazlea jakitean honek ia urtebeteko epea izaten du proiektua garatu eta ontzeko. Une honetan lantze eta ontze bidean dago Maddi Ane Txoperenaren "Ez erran inori" XXIII. edizioko irabazlea.  

Igartza literatura beka aurkezpena 20210304 12 Igartza literatura beka aurkezpena 20210304 1