Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Kultura

Igartza Musika Programaren emanaldiek erantzun ezin hobea jaso dute

2021/06/25

Kalitate goreneko hamaika emanaldiz osatua dagoen bigarren seihileko egitaraua aurkeztu dute gaur alkateak eta antolatzaileek

Musikenerekin elkarlanean jarraituz, talentu goreneko ikasleek eskainitako entzunaldiak izango dira Beasainen 

Beasaingo Udalak 2021 urteari dagokion Igartza Musika Programaren bigarren seihilabeteko pdf egitaraua (701 KB) aurkeztu du Igartzako jauregian. Kultura eta musikaren aldeko apustu sendoaren konpromisoari eutsiz uztailetik abendura antolatu diren ekitaldiak aurreratu dituzte udal agintari eta antolatzaileek. Leire Artola alkatea, Xabier Matarranz kultura zinegotziak eta programa egituratzeko ardura duten Xabier Sarasola eta Arantxa Gastesi Loinatz Musika Eskolako arduradunak eskainiko diren 11 emanaldien xehetasunak azaldu dituzte.

Krisi garaian jasotako erantzunarekin pozik

Leire Artolak aurkezpenean adierazi duenez “orain arteko erantzuna ezin hobea izan da; oso pozik gaude denok jendeak emandako erantzunarekin. Lehen seihileko emanaldi eta kontzertu guztiak bete dira eta eskaera asko kanpoan geratu dira. Jendea musika gogoz eta gosez dagoela argi dago”. “Elizan egindako emanaldiak bete dira eta kalean egin dugun azken kontzertuan Erauskin plazan, ikusleek segurtasun neurriak errespetatu dituzte” gaineratu du alkateak. Kulturak eta kasu honetan musika emanaldiek etenik izan ez dezaten, nola edo hala Beasaingo Udalak bere esku dagoena egingo duela ere aipatu du. 

Dena den, kultur ekitaldiak osasun krisiak eskatutako baldintzetara egokituta burutzen joan dira eta hala izaten jarraituko dute. Unean uneko egoerak erakutsiko du zein pauso eman ahal izango diren. Garbi dagoena da Funtsean Igartza Musika Programak bere helburuei eusten diela. Musika zaletasuna herritarrei zabaltzeko helburuarekin herriko gune gehiagotara zabaltzen joan dira emanaldiak egun Covid 19aren hedapena eteteko neurriak gordez, Igartzako jauregiaz aparte, herriko parrokiak, Usurbe Antzokia, edota Erauskin plaza. 

Musikenerekin Udalak duen hitzarmen-lankidetza beste urte batez berritu du. Honi esker, Igartza Musika beka ekitaldian Euskal Herriko goi-mailako musika ikastegiak aukeratutako ikasleek entzunaldietan parte hartuko dute. 

Antton Valverde edo Lituaniar estatuko abesbatza

Egitaraua irekiko duen lehen pdf emanaldia (3.74 MB) Arrabiten zurdetan sokazko taldeak eskainiko du. Uztailaren 8an arratsaldeko 20:00etan izango da Igartzako jauregian. Uztailaren 22an ordu eta toki berean Martin Kortaberria biolin jotzaile beasaindarrak Javier Pérez de Azpeitia piano jotzailearekin eskainiko du pdf kontzertua (3.10 MB) .

Abuztuaren 5ean Erauskin plazan 20:00etan Behin laukotearen emanaldia izango da. Taldea, Jon Urbizu (saxoa), Imanol Iribarren (teklatua), Patricia Mancheño (baxu elektrikoa) eta Gorka Otamendik (bateria) osatzen dute. 

Irailera pasaz, 12an Igartzako jauregian 20:00etan Organic Matters taldearen emanaldia izango da. Gorka Iraundegi (Hammond organoa), Miguel Salvador (gitarra), Aingeru Torre (saxo altua) eta Alex Alonso (bateria) dira taldeko musikariak. 24an ordu eta toki berean, Maite Larburu “Krak” proiektua aurkezten izango da. Berarekin Carlos Taroncher (klarinete baxua) eta Karlos Arancegui (bateria eta perkusioa) izango dira. 

Urrian aldiz, 15ean Antton Valverderen emanaldia izango da Usurbe antzokian 19:30ean. ”Gaua, ausentziaren itzala” lana aurkeztuko du. 22an Igartzako jauregian 22:00etan, Sin mala intención ezizenarekin, Gorka Lizasok eskainiko du kontzertua.  

Azaroaren 3an, Tolosako abesbatzen nazioarteko lehiaketa burutzen dela aprobetxatuz, bertara aurkeztuko den Lituaniar estatuko abesbatza izango da Beasainen. Kontzertua Andre Mari Zeruratuaren parrokain eskainiko du 19:30ean. Hilaren 21 eta 22an Musikeneko ikasleen txanda izango da. Igartza Musika Beka emateko entzunaldiak burutuko dira Igartzako jauregian, aukeraketa saio-kontzertu irekiak izango dira. 

Azkenik abenduan, 18an Andre Mari Zeruratuaren parrokian 19:30ean, KUP abesbatzak Xabier Sarasola egile beasaindarraren obraren grabazioaren aurkezpena izango da. Eta 19an Loinazko San Martinen basilikan, Loinatz abesbatzak kontzertua eskainiko du 19:30ean.

Emanaldi bakoitzerako sarrerak edo gonbidapenak eskuratzeko informazioa aurreko egunetan jakinaraziko da. 

IMG 5790