Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Kultura

Irakurri, oparitu eta gozatu kanpaina euskarazko irakurzaletasuna bultzatzeko

2017/03/28

Nazioarteko liburuaren egunaren bueltan, Beasaingo Udalak egitarau oparoa aurkeztu du hiru hilabete hauetarako.

Hizkuntza politikaren baitan, euskal literatura kontsumitzeko aukerak eta erraztasuna sustatzeko martxan jarritako egitasmoa da Udalarena.

Irakurketa eta euskara arrazoi hartuta Beasaingo Udalaren Irakurri, oparitu eta gozatu egitasmoa aurkeztu da. Kultura sailak Beasaingo bibliotekarekin, martxoan, apirilean eta maiatzean aurrera eramango dituen hainbat ekimen bildu ditu kanpaina honen barruan. Oinarrian euskarazko literatura eta irakurzaletasuna hedatzea eta era berean bibliotekako erabiltzaile kopurua handitzea da helburua.

Izan ere, irakurketa hezkuntzaren oinarria da eta hezkuntza giza berdintasunerako munduko faktore garrantzitsuenetako bat. Beraz, irakurtzeak onurak dakartza edozein adinetan; besteak beste, sormena eta irudimena pizten ditu, bizkortasun mentala areagotzen du, pertsonen arteko erlazioak hobetzen laguntzen du, estres maila jaisteko baliogarria da eta nola ez, hizkuntza menderatzeko ezinbestekoa da. Horregatik, martxoaren 20tik maiatzaren 31ra bitartean “Irakurri, oparitu, eta gozatu” egitasmoa aurkeztu du Beasaingo Udalak euskarazko irakurzaletasuna sustatzeko.

Hiru urratsetan saria irabazteko aukera

Udal bibliotekatik egitasmo hau garatzeko hiru urrats eman behar izango direla jakinarazi du: lehenik, bibliotekak mailegatutako euskarazko liburua hartu behar da, ondoren irakurri eta itzultzerakoan, irakurleak liburuari buruzko fitxa bete behar du azkenik.

Hori egindakoan, bibliotekako arduradunak erosketa balea emango dio. Gero, pertsona horrek Mirentxu liburu dendara joan eta oparitzeko liburua aukeratu behar du. Bale hori erakutsita %35eko beherapena izango du erosketan.

Horretaz aparte, hilabeteko parte hartzaileen artean 30€ko erosketa –txekea zozketatuko da liburutegian.

Egitasmo honek Euskal literatura kontsumitzeko aukerak eta erraztasunak eskaini nahi ditu. Hortaz, prestatu den egitaraua zabaltzeko eta egingo diren ekintzetan parte hartzeko gonbita egin du Udalak.

Egitaraua:

Martxoa:

  • 22: Bazen noizbait, nonbait, norbait,… zerbait egiten. Ipuin kontaketa Udal Bibliotekan, 17:30ean
  • 23: Hankapaloak eta egitarauaren banaketa, kalean zehar, 19:30-20:30
  • 24: Irakurle taldea. Leire Ibargurenen Laura esaten zioten. Miren Odriozolaren borrokak.Igartzako jauregian 17:30ean

Apirila:

  • 6: Bibliotekako irakurzaletasuna saritzea. Irakurzaleak sarituko dira.
  • 23: XXVII. Beasain Idazlehiaketako sari-ematea. Igartzako jauregian 12:00etan.
  • 24: Miren Agur Meaberen  “Zer da maitasuna?” liburuaren analisia egingo du Asmubeko irakurle taldeak.
  • 28: Irakurle taldea. J.M. Coetzeeren Lotsaizuna. Udal Bibliotekan 17:30ean
  • 28: Liburu trukerako gunearen inaugurazioa ,Udal Bibliotekan 17:00etan
  • Euskarazko liburu gomendatuen katalogoaren aurkezpena, Udal Bibliotekan 17:00etan.

Maiatza:

  • 6: Iker Markinez sukaldariaren liburuaren aurkezpena eta errezetaren bat sukaldatzea. Hileroko azokan. Loinazko San Martin plaza azpian.
    • 13: Ipuin kontaketa, Galtzagorri elkartearen eskutik Igartzako jauregian, arratsaldeko 17:00etan. Ixabel Agirresarobe; Igartzako ondare kulturalean oinarritutako ipuin kontaketa saioa. 4-10 urte bitarteko haurrentzat.
  • 9: Irakurketa erraza tailerra. Fernando Morilloren “Santiago bidearen  misterioa”. Udal bibliotekan (ordua zehaztuko da)
  • 19: Irakurle taldea. Irakurleak eliburutegiko euskal literaturaren irakurketa talde digitalarekin elkarlanean, Lourdes Oñederraren“Intemperies. Babes bila”. Udal Bibliotekan 17:30ean
  • 500 baietz, hartu liburua eta irten kalera. Liburu festa udaberrian. (eguna eta ordua zehaztuko da)

Ekainean:

  • Goierriko irakurle taldeen topaketa (eguna eta ordua zehaztuko da)