Azken bi urtetako hutsuneak baldintzatutako jaiak izango dira aurtengoak
La Salleko haurrei dagokie hasierako danbatekoa piztea eta gauean Mariren jaitsierak emango dio hasiera Loinatz jaiei
Danborrada berrituan haurrak eta helduak batuko dira Pello Irizar omentzeko eta musika kontzertuak indartuko dira
Azken bi urteetan ospatu ezinda itzultzen dira Loinatz jaiak. Gogoz, desioz hartuko diren jaiak izango dira. Udaletxean pdf jaietako egitarauaren (7.63 MB) aurkezpenean Leire Artola alkateak, esandakoaren arabera, “Itxaronaldia luzea egin da pandemia malapartatu honen erruz. Baina hemen gaude oztopo guztiak gaindituz gure herriko jaiez gozatzeko irrikitan”. Alkateak sarrerakoan egindako aipamenean, bi urte hauetan falta izan zaigun festa giroa eta alaitasuna berreskuratzeko motibu izango dira loinatzak. Gure tradizioak, hain errotuak ditugun ohiturak indartzen jarraitzeko parada emango digu beste behin. Beasaindartasuna, gure jatorria harro zabaldu daigun.
Ildo beretik, gizalegez, banatzen gaituenari baino batzen gaituenari garrantzi gehiago emanez eta denok batera elkarrekin Beasain bizigarriago baten alde lan eginez jarraitzeko deia ere egin du. Zentzuz, arduraz eta errespetuz jokatzeko eskaera egin du. Azkenik eta egitarauan erreparatuz, betikoa eta berriena uztartzen duen egitarau osatu eta betea antolatu dela nabarmendu du. Denetik eta denentzat eta denon artean antolatua. Jai batzordearen lana eskertuta, Amaia Gomez de Segura kultur teknikariari eman dio hitza egitarauan dagoena xehetzeko.
Nabarmentzekoak
Aurtengo egitarauaren azala bere garaian iragarri bezala, Antón Iglesias Fernandezek galizarrak egindako kartelak jantziko du. Haurren mailan La Salleko ikasleek egindakoa izan zen aukeratua eta egitarauan txertatua dago. Aipatu egitaraua etxe guztietara banatuko dela bihartik aurrera. Horretaz gain, udalaren web atarian zintzilikatua egongo da.
Ume eta gaztetxoek emango diote jaiei hasiera danbatekoarekin jaiei, aurten La Salle ikastetxekoen txanda izango da maiatzaren 27an 18:00etan. Gauean berriz Mariren jaitsiera eta pregoiaren irakurketak barreiatuko du herrian zehar jai giroa.
Nabarmentzekoen artean honakoak azpimarratu ditu kultur teknikariak. Lehen larunbatean danborradak formatu berri bat izango du. Haurren danborradaren irteera 17:30ean izango da Urbialde plazatik. 18:45ean helduen danborradarekin bilkura egingo du Loinazko San Martin plazan eta zenbait pieza joko dituzte elkarrekin. Bitartean omenaldia eskainiko zaio Pello Irizar musikari eta konposatzaileari. Ondoren 19:00etan plazatik irtengo da helduen danborrada bere ibilbidea osatzeko. Musika bi danborraden ibilbide osoan zuzenean Koxkola txarangak eskainiko du hainbat musikariekin indartuta. Formato berri hau hausnarketa baten ondotik egindako apustu berria izan da.
Haur eta gaztetxoen gozamena diren erraldoi eta buruhandien presentzia areagotuko da eskaerari erantzunez. Horretaz gain, Koxkolo, Bagoilari eta Pitxu buruhandiak berritu dira. Hauen egitekoa ere aldatuko da; erraldoietatik gertu ibiliko dira irteeretan haurren atzetik korrika egin gabe eta gertutasunez goxokiak banatzen ibiliko dira.
Bigarren ostiralean, tradizioa eta ondarea babestu, sustatu eta gordetzeko helburuari jarraituz Beasaingo Udalak babestutako eta Aurtzaka dantzataldeak Bira produkzioakekin elkarlanean ekoiztutako “Azken dantza maisua” dokumentalaren estreinaldia izango da Usurbe antzokian. Paxatxo zenaren eta jaietako sokadantzaren inguruko dokumentala.
Musikari dagokionez, kontzertuen eskaintza handituko da; koadrilen egunean Cafe irlandes taldearen kontzertua izango da Erauskin plazan. Lehen igandean su-festa musikatuaren ondoren Erabatera taldearen kontzertua izango da Bideluze plazan eta mozorro egunean, Spolen girls taldea izango da Erauskin plazan baita ere. Gainontzean, Muxutruk, Kilimak taltea, Goizeresiko txistulariak, Koxkola txaranga, Loinaz Musika Eskolako musika banda, Gabezin taldea, Tsunami taldea, Amak taldea, Musika eskolako trikitilariak eta Dj Disnoktia izango dira besteak beste.
Ohiko ekitaldiak, tradizioarekin lotura dutenak eta kirol jarduerek bere lekua izaten jarraitzen dute egitarauan; sokadantza (agintari, haur eta helduena), asteleheneko prozesioak, pilota txapelketa herrikoiak, koadrilen arteko futbitoko finala, arrantza lehiaketa, xake jokaldiak, haurrentzako jolasak, astearteko azoka berezia, bertso-saioak, elkarteen arteko sukaldaritza lehiaketa, dantza topaketa, herri kirol jaialdia, dantzaokea eta beste hainbat ekitaldi. Beasain Jaietan aldizkariak bere ehungarren urtebetetzea ospatuko du eta salgai jarriko du 2022ko alea.
Prebentzio kanpainak jaietan
Herritarren eta bisitarien ongizatea bermatzeko helburuarekin aurtengo jaietan ere mantenduko dira prebentzio kanpaina ezberdinak. Funtsean, alkoholaren kontsumo arduragabea, indarkeria sexista eta lapurretak saihesteko gomendioak zabalduko dira.
Drogen inguruko Testing programa eta indarkeria sexistari buruzko informazio mahaiak bi egunez egongo dira ordutegi ezberdinetan. BotilTZAR edo BotilTXAR egitasmoa ere mozorro egunean burutuko dute.
Aholku eta mezuei arretaz jarraitzeko gomendioa egin dute udal ordezkariek jaiak zorigaiztorik gabe ahalik eta gehien disfrutatu ahal izateko. Alkateak Udalaren ahalegina aipatu du nabarmenduz kale garbiketa zerbitzua indartuko dela eta udaltzaingoak ematen duen zerbitzua ere asteburuetan 24 orduz eskainiko dela.