Aldundiko K Bulegoak saio irekia antolatu du martxoaren 7an Igartzako jauregian proiektuen inguruan aurreikuspen egokiak nola egin jakiteko
K bulegoak 2023ko bigarren saio irekia antolatu du. Oraingoan, aurrekontuak eta bideragarritasuna izango ditugu hizpide, Gipuzkoako kultura eragileekin, Beasaingo Igartzako jauregian. Proiektu artistiko eta kulturalak bideragarriak izan daitezen aurreikuspen egokiak nola egin aholkatuko da. Saioa martxoaren 7an 17:00etatik 19:00etara izango da.
Sarritan proiektuaren aurrekontua egiteak hamaika arazo eta kezka sortu ohi ditu, ez baita erraza izaten egitasmoa gauzatzeko beharrezko diren lan bakoitzari aldez aurretik balioa ematea. Aurreikuspen desegokiek bidea zaildu egiten dute; izan ere, ustekabekoek sarritan proiektua itotzen dute. Garrantzitsua da denborak ondo neurtzea eta epe egingarriak zehaztea proiektuek erritmo egokia izan dezaten
Abiapuntua finkatuta, elkarrizketa irekia proposatzen zaie lurraldeko kulturgileei, gaiak pizten dituen nahiak, bizipenak eta gogoetak adierazteko. Lagungarriak diren ideiak partekatuko dira, guztiontzat solasaldi inspiratzailea sortzeko asmoz. Ixiar Garcia, K bulegoko lantaldeko kideak erraztuko du saio irekia. Esteka honetako izen-emate orrian eman dezakezu izena
K bulegoa kultur eremura bideratutako kontsulta eta doako bidelaguntza zerbitzua da. Gipuzkoako pertsona, talde eta entitate amateur zein profesionalei irekita dago.
Proiektuen sorkuntzan eta garapenean suertatzen diren beharrei erantzuteko jaio den zerbitzua da eta, besteak beste, egitasmoen iraunkortasuna eta sektorearen profesionaltasuna sustatzea ditu oinarrizko helburutzat.
K bulegoko lantaldeak kultur proiektuen garapenean bide-laguntza eskaintzen du eta tramiteen kudeaketan laguntzeko informazioa errazten du. Bitartekariak dira kultur eragileen artean, baita eragileen eta Administrazioaren artean ere.
Gipuzkoako kultur-ehunaren aberastasuna ikusgarri egiteaz gain, sektorearen lan saretzea, sinergien bilaketa eta erakundeekiko komunikazioa sustatzen ditu.