Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Kultura

Aurkeztu da Loinatz jaietako egitaraua

2017/05/18

Jaiei begira, alkoholaren kontsumo neurrigabea, sexu indarkeriazko erasoak eta lapurreten prebentziorako kanpainak jarri ditu martxan Udalak

Kartel lehiaketaren sari ematea ere egin da eta egitarauak biltzen dituen berrikuntza aipagarrienak nabarmendu dira

Loinatz jai guztiz alai eta atseginak izatea helburu hartuta aurkeztu da 2017ko Loinatz jaien egitaraua. Udaleko ordezkariek herritarren eta bisitarien ongizatea bermatzeko helburuarekin jaietan ere mantenduko diren prebentzio kanpaina ezberdinak jarri ditu martxan.

Funtsean, hauek dira burutuko diren ekimenak:

  • Alkoholaren gehiegizko kontsumoa
  • Sasoian SL enpresaren eskutik, DBH 2-3-4ko ikasleekin heziketa saioak eta maiatzaren 25ean Usurbe antzokian 18:00etan, gurasoei zuzendutako hitzaldi irekia egingo da Ixone Azkarregiren eskutik (Sasoian-eko teknikaria)
  • Mozorro egunean Haimak jarriko dituzten gazteekin lanketa berezia eta baita ingurumena zaintzeko oharrak erreka garbiketarekin lotuta eta BotilTZAR edo BotilTXAR prebentzio esku-hartzea interbentzio programa ibiltaria burutuko da
  • Merkatari, ostalari eta tabernariei kartelak banatuko zaizkie adin txikikoei alkoholik ez saltzeko.
  • Indarkeria sexista: jai parekideagoen alde berdintasun sailetik “Esan ezetz indarkeria sexistari” eta “Disfrutatu eta errespetuz jokatu” kanpainak sustatuko dira, pegatina eta kartelak zabaltzeaz gain, herritarren parte hartzearekin egindako bideo bat ere zabalduko du gai honen inguruan herritarrak sentsibilizatu eta kontzientziatzeko. Maiatzaren 27an eta ekainaren 2an Bideluze plazan Goierriko zubia taldearekin elkarlanean mahai informatiboa jarriko da.
  • Mobilen eta karteren lapurretak eragozteko Ertzaintzak emandako aholkuak zabalduko ditu Udalak euskarri ezberdinak erabilita.

Kartel lehiaketaren sari ematea

      Gaurko aurkezpena kartel lehiaketako irabazleen sari ematearekin hasi da. Kultura saileko zinegotziak, Xabier Matarranzek, maila bakoitzeko irabazleei banatu dizkie ondorengo sariak:

  • A mailan : (15 urtetik gorakoak) Mikel Jimeno De Frutos (600€) jaiak iragarriko dituen kartela.
  • B mailan: (7-15 urte bitartekoak). Iker Pia, Aimar Telleria, Oier Jimenez eta Xabat Larrañaga (180€). 
  • C mailan: Txosna Batzordea. Aritz Garcia Villajos (bi lagunentzako afaria) Txosnatako egitaraua iragarriko duen kartela.

Aurten guztira 230 lan jaso dira horietatik 188 lan  7-15 urtekoek bidalitakoak 32 lan  heldutan eta aurten lehenengo aldiz txosna batzordeko egitaraurako 10 lan.  Beraz, aurten ere gora egin du parte hartzeak.

kartelsarituak2017

Egitarauan nabarmentzekoak

Aurtengo egitarauari errepaso eginez, Ume eta gaztetxoek emango diete irekiera festei danbatekoarekin  (Alkartasuna Lizeokoak) eta egunero izango dute gozatzeko aukera, besteak beste:

Bi ostiraletan Erraldoiak eta buruhandiak izango dituzte, aurten lehenengo ostiralean Iruñeko Buztintxuri  eta bigarrenean Lizarrako erraldoien konpartsa eta gaiteroak izango dituzte bidelagun.

Maiatzaren 27an eta 29an jolaserako parkeak izango dira Barandiaran  parkean. 27an haurren danborrada Ezkiaga auzotik irtengo dira. Hango pilotalekuan joaldia eginez hasiko dira.

Helduen danborrada ere Ezkiaga auzotik irtengo da 19:00etan  eta Igartzaraino joango dira eta hor joaldia egingo dute 20:00etan Beasaingo martxa, Loinazko Martin deunaren ereserkia eta Txanbo izeneko piezak eskainiz. Plazako joaldian, 21:00etan Pello Irizar-en pieza berria eskainiko da: Gau ibilera. Danborradari lotuta esan, aurten kupel berriak Murumendi elkarteak jaso dituela.

Elkarteei lotuta berriz, aldaketa dator elkarteen  arteko sukaldaritza lehiaketan. Platerak hotzak ez iristeko  irtenbidea bilatu da. Elkarteei sukaldatzen hasi aurretik platera entregatu beharreko ordutegia ezarriko zaio, hau da, ez dute bukatuko denek 13:00ean. Hori dela eta epaimahaia 12:30ean hasiko da platerak dastatzen eta epaimahaia bitan banatuko da.

Atzegikoek eta Txolartekoek elkarlanean eskainiko dute aurten ere Txistor jana, azken bi urtetan ari diren bezala. Bestelako ekintzetan ere parte hartuko dute, Danborradan eta sukalde lehiaketan esaterako.

MUSIKAri dagokionez,  berriro indartsu datoz Loinatzak:

Herriko taldeak izango ditugu  aurten ere, batzuk Bideluze Plazako oholtzan eta beste batzuk Txosna batzordeko  oholtzan.

Bideluzeko oholtzari dagokionez, lehen ostiralean, Muxutruk taldearekin hasiko dira , ondoren Sukarra 37k eta larunbatean,  Musika Eskolako talde batek joko du HELL RIDERS taldeak eta ondoren Makuluken taldeak. Kaleko musika gehiago egongo da: Euskorleans, Rockalean,… Koadrilen egunean: Trikidantz eta Eztengiro taldeak. Egun berean, Arangoiti egoitza eta Aranealde elkartea bisitatuko ditu Oria Txarangak

Ekainaren 2an Hesian taldea  izango da Bideluzen. Lazkaoko Drindots taldeak itxiko ditu aurtengo Bideluze oholtzako kontzertuak.Horretaz gain,  txarangak, elektrotxarangak, Musika eskolako banda, txistulariak, perkusio joleak, trikitilariak,kale ikuskizunak, su musikatuak, ... denetik izango da Loinatzetan.

Txosna batzordeko ordezkariek euren aldetik, txosna gunean aurrera eramango den egitaraua aurkeztu dute. Ekitaldiz jositako egun kopurua handitu da. Gaueko ekitaldiez aparte, egunez egingo direnen kopurua handitu da eta kontzertuez gain hitzaldiak, haurrentzako tailerrak, goitiberen jaitsiera dira nabarmentzeko modukoak. Hemengo ekitaldiak egitarau ofizialekoak baino egun bat lehenago hasiko dira.

 Amaitzeko bai Udal ordezkariek eskertu egin dute festen antolaketan Txosna batzordearen, herriko elkarteen eta norbanakoen  parte hartzea eta orotara egitarauak 110.000€ko aurrekontua duela jakinarazi dute. Egitarau bihar maiatzak 18, banatuko da etxe guztietara.