Udazken kulturaleko programazioa euskarri digitalean ezagutu eta kontsultatzeko “Esku-eskura” kanpaina aurkeztu da Udalaren web berriaren erabilera sustatzeko.
Herritik eta herriarentzat egindako egitarauan, kultur adierazpide guztiak txertatu nahi izan dira eta horretaz gain lehiaketa kopurua handitu da.
Beasaingo Udalaren ordezkariek herriko elkarteekin batera, aniztasuna eta kalitatea uztartzen dituen kultur eskaintza zabala antolatu dute eta euskarri ezberdinak jarri dira herritarren eskura egitaraua ezagutu eta kontsultatzeko, bai paperezkoak eta baita ere digitalak, horien artean, aurten estreinatu den Udalaren web berriaren agenda.
Aurkezpenean Xabier Matarranz, Udaleko kultura zinegotziak, adierazi duen moduan, “Kultura herriko txoko eta publiko mota guztiengana iristea da nahia. Eta, erronka horretan ezinbesteko bidelagunak ditugu herriko kultur elkarteak. Beasaingo Kultura euskarriek ezin hobeto islatzen dute elkarlanaren filosofia hori: Udalak eta kultur eragileek indarrak batu ohi ditugu herritarrei eskaintza zabala eta kalitatezkoa eskaintzeko xedearekin”. Aurtengoan 18 kultur elkartek parte hartu dute egitarauaren osaketan.
Aniztasuna eta kalitatea
Oro har, ekitaldiak irailaren 20an hasiko dira eta azaroaren 19an bukatu. 57 ekintza antolatu dira, horietako batzuk egitarau zabala dutenak, Boluntarioen eguna, Bertako produktuen azoka, Jazpana, … esaterako.
Programa egiterakoan kultur adierazpide edota diziplina guztiak izan dira kontuan, antzerkia, musika, dantza, bertsoa, eta baita publiko guztiak ere, umeak, gazteak, helduak.
Lehiaketen atalean, aurten bi gehiago izango dira, alde batetik 2018ko udal egutegia egiteko argazki lehiaketa antolatu da, gaia Parekidetasuna Beasaingo gizartean gai gisa hartuta eta bestetik, XXVI. errezil sagar lehiaketaren egunerako, sagar tarta lehiaketa proposatu da herritarrek parte har dezaten.
Egitarauak, udalak bultzatzen dituen hainbat programatako ekintzak jasotzen ditu bere baitan, Igartza Musika edo hip hip urri esaterako. Urrian zehar familiei zuzendutako kultur aisia eskaintzaren barruan, aurten lehenengo aldiz eskualdeko beste bi Udalekin elkarlanean, urriaren 8rako Gabiriarekin eta Ormaiztegikoekin mendi buelta dinamizatua antolatu da.
Beste programa esanguratsu bat Ondarearen Europako jardunaldiak dira. Aurtengoan, Paisaia bizia, paisaien eraikuntza gaitzat hartuta, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera 3 ekintza antolatu dira eta horietako bat Arriaranen egingo da, bertako Intxaurpe elkartearekin elkarlanean antolatu delako. Izan ere, gure kultura gure paisaia horiek sortzen dute, eraikin horiek, baserri horiek, pertsona horiek, herri nortasuna eratzen laguntzen dute eta.
Web berria indartuta
Udazken kulturaleko programazioa paperean aurkezteaz gain, euskarri digitalean izango duen garrantzia azpimarratu da. www.beasain.eus udal webgunearen eta agendaren kontsulta sustatzeko “Esku-eskura” kanpaina aurkeztu da. Biak izango dira beharrezkoak, paperezkoan falta dena euskarri digitalean egongo delako, izan lehiaketetako oinarriak, izan egitarau zabalagoa edota antzerkiaren sinopsiak.
Horretaz gain, webguneak bigarren fasearen barruan, azken hilabeteetan izan dituen hobekuntzak nabarmendu ditu Udal ordezkariak; Udal Euskaltegiak bere orri propioa izango du, laster aurkeztuko dena, baina haratago joanez, nabarmentzekoak dira albisteen presentzia, kontratatzailearen profilak profesionalen eskaerei egokitu izana, dokumentuen deskarga gunea udalaren argitalpen guztiekin, idatzi Udalari atala harreman zuzenerako eta herriari buruzko informazio guztia Bizi, Ezagutu eta Udala ataletan. Honi ere, iaztik erabilgarri dagoen mugikorretarako Beasain Kultura aplikazioa gehitzen zaio.
Kanpaina honetan herriko zenbait eraikin publikoetako sarreretan tresna digitalen bidez webean sartzeko gonbita irudikatzen duten argazkiak jarriko dira. Irudi hauetan herritar ezagunak agertuko dira.