Beasaingo Udalak Garabide elkarteak aurrera daraman hizkuntza gutxiagotuak biziberritzeko gidaritza proiektuan parte hartzen duela eta zortzi hizkuntza gutxiagotuetako hamabi agintari indigenei egingo die harrera
Urriaren 10 eta 11an, garapen bidean dauden herri indigenetako ordezkariek Euskaltegian euskararen biziberritze esperientzian oinarritutako ikastaroak jasoko dituzte eta solasaldi ireki batean parte hartuko dute
Beasaingo Udalak hizkuntza gutxiagotuak biziberritzeko gidaritza proiektuan parte hartzen du Garabide kultur elkartearekin batera. Hori horrela, sinatuko duen hitzarmenaz gain diruz lagunduko du proiektu hau eta Beasainen jasoko ditu esperientzia honetaz baliatuko diren hizkuntza gutxiagotuetako herri indigenetako ordezkariak. Ordezkari hauek euren herrietan gidaritza perfila dute. Garabide elkarteak proiektu hau, bereziki garapen bidean dauden herrialdeetan burutzen du.
Honela bada, datorren asteartean hilak 10, eguerdiko 12:00etan, Aitor Aldasoro alkateak Udaletxean harrera egingo die Afrika iparraldea, Ertamerika eta hego Amerikatik etorritako hainbat herrietako liderrei. Beasainen burutuko dituzten jarduerak bi egunez luzatuko dira. Astearte goizean Udaletxeko harreraren aurretik, Udal Euskaltegian bi orduko modulua jasoko dute. Bazkariaren ondotik arratsaldean beste bi orduko modulu edo ikastaro trinkoa jasoko dute. Asteazkenean berriz, arratsaldeko 19:00etan solasaldi irekia eskainiko dute Igartzako jauregian Jon Sarasua Garabideko presidente ordeak eta Milouda El Hankari (Amazigh-a, Marokotik), Paula Huenumilla (Maputxea, Txiletik), Leonardo Durán Olguin-ek (Nahuatl-a, Mexikotik). Bertan, hizkuntzaren sentsibilizazioa eta biziberritzeko esperientzien trukerako tartea eskainiko da.
Beasainen burutuko dituzten jarduerak, urriaren 30era arte iraungo duen egonaldiaren barruan kokatzen dira. Izan ere, 140 orduko formazioa jasoko dute euskararen biziberritze esperientzian bertako adituen eskutik. Gainera, euskalgintzaren zein instituzioen hainbat entitate bisitatuko dituzte (Euskaltzaindia, Berria, HUHEZI, Kafe Antzokia, Oihaneder Euskararen Etxea, Udaletxeak, Diputazioak, hezkuntza zentroak...) ikasitakoa bertatik bertara ezagutzeko eta, halaber, sentsibilizazio ekintzak (mahai inguruak eta proiekzioak) egingo dira herri eta eskoletan euskal gizartearekin esperientzia trukerako tartea eskaintzeko asmoz.
Aipatzekoa da agintariei zuzendutako formazio proiektu honetan ahalegin berezia egin dela emakumeen ahalduntzearen alde.