Udal gobernuak martxan jarritako azkena, Kiroldegiko rokodromoa berritzea izan da eta duela gutxi hasitako lanek 4-5 asteko iraupena izango dute
Borondate horri eutsiz, Udal gobernuak 2018ko aurrekontuetan ere beste alderdien ekarpenak jasotzeko nahia du aurrekontu osatu eta bateratua aurkeztu eta onartzeko datorren osoko bilkuran
Udal gobernuak, joan den urtean bezala, udal talde guztien ekarpenekin osatutako aurrekontu proposamen bateratua aurkeztu nahi du datorren asteko osoko bilkuran. Hori dela eta, oposizioko taldeen ekarpen eta proposamenak jaso eta aztertu ditu gobernuak 2018ko aurrekontu proiektuan txertatzeko eta gobernuak landutako hasierako proposamena osatu eta aberasteko.
Udal gobernuak hasieratik azaldu du ekarpenak jaso eta elkarlanean aritzeko borondatea. Hori horrela izanik, oposizioak iaz proposatutako egitasmo guztiak jada gauzatuak edota martxan jarriak ditu. Zenbaitzuk, alderdien arteko elkarlanaren bidez amankomunean landuak izan dira. Bi adibide, Dolarea parkea nola berregokitu erabakitzeko parte hartze prozesua martxan jartzea eta Loinatz futbol zelaiaren belar aldaketa izan dira.
Oposizioko taldeen aldetik, Alderdi Sozialistak bere garaian proposatu eta gauzatu diren aipagarrienak hauek izan dira; Agipase guraso eta familiei zuzendutako aholkularitza zerbitzuaren ezarpena, Barandiaran parkeko altzarien berrikuntza, Ezkierdi jolas parkeko altzarien berritzea edota Murumendi ikastetxeko hobekuntza lanak.
EHBildu alderdiak aurkeztutakoen artean hauek bete dira: Usurbe antzokia irisgarritasun baldintzetara egokitzeko azterketa burutzea, Olaran eraikina zertan bihurtuko den erabakitzeko prozesua abian jartzea, Udalarekin hitzarmena duten elkarteei diru laguntza %5 igotzea edota kiroldegian rokodromoa berritzeko inbertsioa egitea .
Oro har, hauek izan dira oposizioak aurkeztuta gauzatu diren proiektu nagusienak. Borondate horrekin jarraituz, udal gobernuaren asmoa da 2018rako aurrekontuekin berdin jokatzea datorren osoko bilkuran onartzeko.