Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Udal gobernua

Eraikinak birgaitzeko eta bertako produktuak merkaturatu eta kontsumoa sustatzeko diru laguntzak onartu dira

2018/06/29

Diru laguntzen arloan, EITen ondorioz eraikinetan egin beharreko birgaitze lanetarako eta bertako produktuak merkaturatu eta kontsumoa sustatzeko diru laguntzetarako oinarriak onartu ziren

EHBildu taldean Mikel Olanok, Garbiñe Zurutuzak utzitako zinegotzi kargua hartu zuen

Gobernu batzordean onartu ziren Erauskin plazako obren eta udan egin beharreko asfaltatze lanen esleipenak

Bertako produktuen merkaturatzea eta hauen kontsumoa sustatzeko helburuarekin, udalbatza osoaren bilkurak onartu egin zuen aho batez Beasaingo azokara datozen ekoizleei diru laguntzak emateko oinarriak. Udalak honekin, bertako produktuen azoka indartu eta sustatzeko helburuari eusten dio. Baserritar eta ekoizleek gutxieneko baldintza batzuk bete beharko dituzte, hala nola garaian garaiko produktuen eskaintza askotarikoa izatea eta azokara maiztasunez etortzea. Aho batez onartu zen proposamen honen bidez, azokara datozen saltzaileek azokara etortzeak suposatzen dien gastuari aurre egiteko laguntza jasoko dute.

Era berean diru laguntzen atalean Eraikinen Ikuskapen Teknikoa (EIT) egin duten eraikinetako jabeek eskuratu ditzaketen laguntzen oinarriak onartu ziren aho batez ere. Guztira 120.000 euro zuzenduko ditu Udalak laguntza hauetara eta Eusko Jaurlaritzaren onespena ere izan behar dute laguntza jasotzeko eskaria egingo dutenek. 

Eguneko gai zerrendan jaso ziren gaien artean zinegotzi kargu hartze berria izan zen. EHBildu taldean, Garbiñe Zurutuzak utzitako tokia Mikel Olanok hartu zuen.

Adierazpen instituzionalei dagokienez, udal gobernuak eta oposizioko taldeek adostutako honako adierazpenak irakurri ziren. Alde batetik udalerrian euskararen erabilera sustatzeko   pdf Euskaraldia (111 KB) egitasmoa aurrera eraman eta herritarren artean zabaltzeko erakunde-adierazpena onetsi zen. Herritarrek Euskaraldian parte hartzeko izenematea zabalik aurkitzen da eta euskararen nazioarteko egunaren bueltan burutuko da azaroa eta abendua bitartean.

Bestetik,   pdf LGTB (29 KB) (Lesbiana, Gay, Transexual, Bisexual eta besteak ) harrotasunaren egunaren harira, udal taldeek sinatutako adierazpen instituzionala bilkuran irakurri eta onartu zen. Aurten ere ekimen sinboliko gisa, Igartzako jauregia ostadarraren kolorez egongo da argitua ekainaren 30a arte.

Antolakuntza batzordeak aurkeztu zituen proposamen aipagarrienenen artean honako hauek onartu ziren. Zenbait ordenantzetako testuen errebisio eta zuzenketa genero ikuspegitik, Beasaingo udaltzaingoaren udal erregelamenduaren hasierako onespena, behin behinerako kontratatuko den arkitektoaren ordainsariak onartzea eta Udala eta bere organismo autonomoentzako aseguru pribatuak kontratatzea.

Gizarte larrialdietarako laguntzen alorrean udalbatzak emergentziazko laguntza hauek urtarriletik ordaintzea onartu zuen eta ez orain arte egiten zen moduan apiriletik aurrera. Emergentziazko egoerak izanik proposamenean beharrezkoa ikusten zen laguntzen ordainketa ez atzeratzea eta urtearen hasieratik ordaintzea.

Esleipenei dagokionez, Igartza monumentu multzoa kudeatzeko ardura Aldabe enpresari esleitzeko proposamenak EHBildu taldearen abstentzioa jaso zuen eta gainontzeko alderdien onespearekin aurrera atera zen. Bi urteko kontratua izango da beste hiru urtez luzatzeko aukerarekin urtez urte berrituz. Urteko, 74.639 euro (+BEZa) jasoko ditu enpresa kudeatzaileak.   

Esleipenekin jarraitu, udalbatzaren osoko bilkuraren aurretik burutu zen Gobernu batzordean udan hasiko diren bi lan esleitzeko erabakia onartu zen. Batetik Erauskin plazako birmoldaketa lanak Altuna y Uriari esleitu zaizkiko 557.927,27 (+BEZ) euroko prezioan eta egikaritze epea bost hilabetekoa izango da. Eta udako asfaltatze lanei dagokionez Asfaltos Urretxu enpresari esleitzea onartu zen 103.795,75 (+BEZ) euroko prezioan eta uztailaren 23tik abuztuaren 10a bitartean burutu beharko ditu lanak.