Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Udal gobernua

Herritarren beharrei erantzuna emateko aurrekontu orokorrak onartu ditu Udalak

2018/12/03

Azaroko udalbatzaren osoko bilkuran onartu diren 2019ko aurrekontuetan 16.700.000 euroko kopurua aurre ikusi da eta ekonomia, enplegua eta ongizateari lotutako inbertsio eta proiektuek izango dute lehentasuna

Inbertsioen atalean hiru milioi euro inguru inbertituko dira eta ongizate atalean presazko beharrei erantzuteko diru partidak igo dira eta oposizioak udal gobernuari egindako proposamen guztiak txertatu dira

Udalaren egoera ekonomikoa ezin hobea izaten jarraitzen du kudeaketa eraginkor eta zorrotzari esker  eta 10 milioi euro inguruko soberakina du etorkizunean sor litezken beharrei erantzuteko

Udalak datorren urteko aurrekontuak onartu ditu azaroan egin duen ohiko udalbatzaren osoko bilkuran. Tokiko enplegua, ekonomia eta herritarren ongizatea ardatz izaten jarraituko dute Udalaren lehentasunetan.  Guztira 16.700.000 euroko aurrekontua onartu da. Inbertsioetara ia 3 milioi euro zuzenduko dira eta ongizatearekin zerikusia duten diru kontuek  igoera nabarmena izango dute.

Enplegua eta ekonomian, enplegu plana eta ekintzaileak sustatzeko aukera berrien azterketari helduko zaio eta langabeziari aurre egiten jarraitzeko formazio espezifikoa babestuko da. Ekonomian azoka berezia eta berau indartzeko eta dinamizatzeko ekimenak, Ezkiaga auzoan azoka ezartzeko azterketa baserritarrekin eta merkataritza babestu eta sustatzeko ekimen berriak abiaraziko dira adibidez mugikorretarako aplikazio berriarekin edo kontsigna digitalak jarriz.

Herritarren ongizateari zuzendutako zerbitzuak indartu egingo dira behar berriei erantzuteko diru kontuak 745.000 euro arte. Etxez etxeko laguntzan %15ek igoera (500.000 euro arte), Etxebizitza babestuetan %10eko igoera (175.000 euro arte) eta esku hartze familiarrean adin txikikoak dituztenen artean %20ko igoera (70.000 euro arte).  

Arlo honetan, egitasmo berrien artean ke detektagailuak jarriko ditu Udalak 80 urtetik gorako pertsonen etxebizitzetan. Adineko pertsonen inguruko diagnosia ere egingo da, beharrak atzemateko eta horiei erantzuna emateko (50.000 euro). Jarraipena izango dute prebentzio kanpainak, Botiltzarra eta Lonjalaket. Itsuentzako lehen semaforoa jarriko da Juan XXXIII kalean ONCErekin elkarlanean. Desfibriladoreak ezarriko dira herrian zehar zenbait puntutan eta ikastaroak emango dira beren erabilera ezagutzeko. Arana kalean elkarbizitza eta kaleko arazoei konponbidea emateko Arana Elkar-Ekin egitasmoa burutuko da.

Gizartearen zahartzea etorkizunera begirako erronka handienetakoa da. Horri aurre hartzeko eta adineko beasaindarren ongizatea bermatu eta zahartze aktiboa sustatzeko legegintzaldi hasieratik martxan jarritako ekimen berritzaile eta ezberdinak jarraituko dute; Beasain Lagunkoia, Ondo ibili ondo izan, Goiz Alzheimer eta Goiz Zaindu, adineko pertsonentzako kirol guneak, kirol kontsultategia eta abar.

Nortasunaren adierazle diren kultur eta kirol jarduerak eta hizkuntzarekin loturikoak orain artekoak mantenduko dira, hala nola, Igartza Musika Beka, Igartza Musika Programa, eta dantzan.eus elkartearekin hitzarmena. Kirolean Beasain Kirol Sariak eta hizkuntzaren alorrean hizkuntza errefortzu zerbitzua eta Garabide elkartearekin hitzarmena. Berrien artean, Bonberia eraikina dantzari lotuta aktibatzea, Lazkaoko beneditarrekin hitzarmena gauzatzea artxiboa ezagutzera emateko, memoria historikoarekin jarraitzea eta Eusko Ikaskuntzarekin elkarlanerako hitzarmena. Kirolean berrikuntzak kiroldegiko inbertsioen jarraipena, Igartzako zelaiaren belar aldaketa, Skate gunea berritzea eta Pump track gune bihurtzea eta kiroldegiko tabernaren egokitzea. Hizkuntzari buruz Euskaraldiaren jarraipena, udaleku itxien sorrera, kirol elkarteetan euskara sustatzeko programa txertatzea eta honekin batera Euskara kirolera programa eskola kirolean txertatzea.

Aipatutakoaz gain 2019ko aurrekontuetan inbertsioen atalean nagusienak hauek izango dira: Igartzako urmaela berritzea (30.000 euro), Natur bidea eratzea (50.000 euro), Urbi-etxeko lokalen erosketa (300.000 euro), Usurbe antzokiko egokitzapen lanak (300.000 euro)Gernika pasealekuko lanak (700.000 euro) eta Dolarea parkeko birgaitzeko lanak (1.000.000 euro). Azterlan eta proiektuetan San Inazio kalean ze hobekuntza proposatu litekeen aztertuko da (100.000 euro). Porteria guneko berurbanizaziorako soberakineko dirua erabili beharko da (espaloiak zabaldu, norabide bikoitza ezarri, bidegorria … ). Iraitz Agirre antropologoak XVI. Mendean Beasaingo emakumea azterlanerako ere gorde da.

Aurrekontuetan oposizioak aurkeztutako proposamenak txertatu dira. Alderdi sozialistak proposatutakoak, etxeko biolentzia kasuetarako arreta zerbitzurako kontua, Igartzako futbol zelaiko belar aldaketa eta barandillen pintaketak izan dira. EHBildu alderdiak bere aldetik Gaztetxearen mantenurako (15.000 euro), jolas inklusiboetarako, Kiroldegiko sarrera kanpoko igerilekuetara sartzeko egokitzapena eta tasen berrikuspena eta adineko pertsonen egoerari buruzko azterketa psikosoziala egiteko proposamena txertatu dira. Guztira aurrekontu proposamenean inbertsioek ia bi milioi euroko kopurua izango dute.

Bozketaren garaian gehiengoz onartu dira 2019rako udal aurrekontuak Alderdi jeltzalea eta alderdi sozialistaren aldeko 10 botoekin eta EHBilduren aurkako 6 botoekin.

Udalbatza osoko bilkuran aztertutako beste zenbait gai hauek izan dira: Kiroldegiko horma berritzeko lanetarako kreditu aldaketa (50.000 euro) aho batez onartu da. 2019 langile plantilla eta lanpostuen zerrenda onartu da alderdi jeltzalearen eta alderdi sozialistaren aldeko botoekin (16) eta EHBilduren abstentzioarekin (6) eta garbiketa zerbitzuaren lagatzea aho batez onartu da.