Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Udal gobernua

Udalaren kudeaketaren berri emateko saioek iritzi ona jaso dute

2019/02/25

Herritar eta eragileen aldetik, gobernu irekiaren ezarpenari, gardentasunari eta kudeaketa modu berriari buruzko balorazio positiboak jaso dira legegintzaldiari buruzko kontu emate prozesuan

Atzera bueltarik ez duen egiteko modu berri bat dela uste da baina oraindik hobekuntza arloak daudela ere ondorioztatu da

Udal gobernuak, Legegintzaldi Planean jasota dituen egitasmoen %86 gauzatu du

Udalak eta honen ordezkari nagusi den gobernu taldeak, otsailean burutu duen kontu emate prozesuaren saioak utzitako ondorio eta balorazioak bildu ditu. Guztira hiru saioz osatu den prozesuak, 2015-2019 legealdirako landutako Kudeaketa Planaren betetze maila azaltzea izan du helburu. Herritarrei dokumentu horretan jasotako ekintzak noraino burutu diren  azaldu eta elkarrekin balorazioa egin da.

Oinarrian, Euskadiko Tokiko Erakundeen Legeak aipatzen duenari jarraituz gardentasuna, informazio publikoa eta gobernu onari buruzko konpromisoaren baitan gauzatu zen kontu ematea. Udalerri guztiek Legegintzaldi Plan bat izan behar dute eta Beasain beste herri asko baino pauso bat aurrerago doa, izan ere web orrian ikusgai du Plana, eta zehaztuta dauzka mugarriak, prozesuak eta helburuak.

Herritarren ongizatea, udalaren zerbitzuak hobetzea eta zuzeneko arreta eta kudeaketa parte hartzailea dira etorkizuneko Beasain eraikitzeko baldintzak sortzeko konpromiso nagusiak. Hori horrela eta legegintzaldi hasieran zeuden hasierako arazoei konponbidea eman eta gero, enplegua eta ekonomia, gizarte ongizatea, nortasuna, herriko mantentze lanak eta gobernu ona sustatzeko egitasmoak aurrera eraman izanaren kontu eman du udal gobernuak.

Egitasmo estrategiko nagusien artean, enplegua eta ekonomiarekin zerikusia duten formazio ikastaroak, coworkingerako diru laguntzak eta lehen sektoreko ekoizle eta azoka sustatzeko ekimenak gauzatu dira. Hirigintza arloan, Zazpiturrieta, Nekolalde, Zapatari-Aranburu kaleetako berritze lanak daude. Honez gain mantenu eta berritze lanak jolastoki zein hiri altzarietan eta hainbat espaloitan egin diren irisgarritasunerako hobekuntzak. Ongizate arloan hirugarren adinari zuzendutako programak (Goiz Alzheimer-Zaindu), Ezkiagako Botikina ezartzeko eginkizuna, eta Arangoitirako plazak berriak. Kirol arloan inbertsio gehiago egin dira instalazioetan espazio berriak sortuz ariketa fisikoa egiten bultzatzeko eta berdintasunean Herrilab proiektu aitzindaria martxan da gizon-emakumeen arteko berdintasuna sustatzearen alde. Nortasuna eta kultura bultzatzeko egitasmoak izan dira bete direnak, Igartza Musika Programa eta beka, dantza tradizionalaren alde egiteko hitzarmenak (dantzan.eus) eta abar. Guztiak kudeaketa onaren emaitza izan dira eta informazio guztia publiko eginez tresna berritu eta eguneratuen bidez (web berria, panel digitalak…)

Badira betetzeko bidean jarrita dauden beste hainbat egitasmo. Esaterako Erauskin plaza berritzeko lanak, bonberia eraikina eta ibaiaren gaineko pasabidea, Igartza Oleta kaleko norabide bikoitza ezartzea edo Dolarea parkea birgaitzeko lana.

Lan saioak eta emaitzak

Udal teknikariei, herriko elkarteei eta herritarrei zuzendutako hiru saioetan eman zuen Udalak Legegintzaldi Planean agertzen diren egitasmoen betetze mailaren berri. Udal teknikariekin udal barruko lan-funtzionamenduari buruzko balorazioa egin zen, antolakuntza mailan egoera berrira egokitzeko pausoak ematen jarraitzeko bidean dauden aspektuak aztertu ziren.

Egindakoaz herritarrei aurrez-aurre azaltzeko eta egiteko dagoenaz elkarrekin aztertzeko balio izan du. Herriko eragile eta elkarteekin izandako saioetan aldiz egitasmo eta proiektuen balorazioa eman zuen Udalak. Legealdi Planaren dokumentuan aurre ikusita zeuden ekimenetatik %86 beteta daude. Proiektuak gauzatzeko epeak dira zailtasunik handiena eragin dutenak.

Alderdi positiboen artean, elkarteek Udalarekin duten komunikazioa aipatu zuten . Prozesua bera ongi hartua izan da, Udala herritarrengana irekitzeko eta udal kudeaketa kolektiboekin alderatzea positibotzat hartu dute. Berdin gertatu da gobernu irekiaren ezarpenari, gardentasunari eta kudeaketa modu berriari dagokionez, atzera bueltarik ez duen egiteko modu berri bat dela uste dute herriko eragileek. Udalarekin duten komunikazioa izan da ongi baloratua izan den beste alderdietako bat. Teknikoekin dagoen harremana zuzena eta arina dela esan dute, dedikazio handiarekin.

Hala ere, oraindik hobekuntzarako arloak badaudela ondorioztatu da. Antolaketa berriarekin lehen esperientzia izanik harreman korapilatsua eta sarbide zailak daude oraindik. Bestalde egitasmo eta proiektuak gauzatzeko epeak nahi baina gehiago luzatzen dira eta hauek betetzeko konpromisoak bete behar dira. Elkarteen arteko harremanak estuagoak izatea da beste helburuetako bat, kolaborazio eta elkarlanerako aukera berriak sortzeko. Balorazio orokorrean, Legegintzaldi Planak herritarren beharrei erantzun diela jaso da baino hobetzeko tartea baduela eta hurrengoa lantzerakoan herritar eta elkarteen behar eta proposamenak jasotzea proposatu zen.

kontu emate 2019