EAJ-PNV taldeko bederatzi botoekin gehiengo osoz hautatua izan da alkate 2019-2023 legegintzaldirako
Hamazazpi zinegotzietatik hamaseiak hartu dute kargua Beasaingo Udalaren gaurko eraketa ekitaldian. Ordu erdi pasatxo iraun duen saioan, 2019-2023ko udal korporazio berria honela osatua geratu da; EAJren udal taldetik Aitor Aldasoro, Leire Artola, Edorta Diaz, Jon Olano, Elena Ruiz, Adur Ugartemendia, Amets Arrospide, Xabier Matarranz, Malu Valles eta Ainara Aiestaran. Azken hau ezin izan da bertan egon eta aurrerago hartuko du bere zinegotzi kargua. EHBildu udal taldean Nerea Manzisidor, Asier Agirre, Mikel Olano, Maddi Imaz eta Joli Hernandez, eta Alderdi sozialistatik Eva Alvarez eta Angel Redondo.
Zinegotzien kargu hartzearen ondorengo bozketan talde bakoitzak bere alderdiko zerrendaburuari eman dio boza eta emaitza hauxe izan da: EAJko hautagaiak Aitor Aldasorok 9 botu jaso ditu, EHBilduko Nerea Manzisidorrek 5 eta PSE-PSOEko Eva Alvarezek 2. Gehingoarekin honela Aitor Aldasoro alkate aukeratua izan da.
Aitor Aldasoro alkate berriak aginte ikurra den zumazko uztaia jaso du adinez nagusia den Xabier Matarranz zinegotziaren eskutik kargua zin egin ondoren. Lehen hitzak esaten, EHBilduko hautagaia izan den Nerea Manzisidorri utzi dizkio alkate izendatu berriak.
Manzisidorrek oposizio eraikitzailea egingo duela aipatu du, politika sozialetan eta herritarren parte hartzean oinarrituta. Gogoan izan ditu Euskal Herriak nozitzen duen gatazkaren ondorioz sufritzen ari diren herritarrak eta eskerrak eman die euren hautagaitza babestu dutenei.
Aitor Aldasorok azkenik bi bertso kantatu ditu eta esker oneko hitzak izan ditu etxekoentzat, bere alderdi eta lantaldearentzat, udal langileentzat eta babesa eman dioten herritarrentzat. Oposizioari ere zuzendu da eskua luzatuz euren ekarpenekin eta kontrolarekin Beasain hobe bat eraikitzeko herritarren ongizatearen mesedetan.