Udalaren jabetzakoa den Iturralde txiki izeneko eremuan eraikiko da IAT eskainiko duen zerbitzu- gunea eta udaberrirako martxan izatea espero da
Lagapena 30 urterako dohainik uztea onartu da beti ere jarduera honi zuzendua
Kale garbiketa zerbitzua Zerbitzu Elkarteari esleitu zaio bost urterako eta urteko milioi bat euro inguruko kostua izango du
Beasaingo Udalak iraileko udalbatza osoko bilkuran hartutako erabakiarekin beste urrats bat eman du IAT zerbitzua eskaintzeko gunea Beasainen ezartzeko. Onartutako gai garrantzitsuenetako bat izan zen eta aho batez zerbitzu hau ezarriko den lur-eremuaren lagapena eta baldintzak zehaztuta geratu ziren. Sasieta mankomunitatea eta Korosti enpresen artean kokatzen den lur-sailean dauden 5.300 metro koadroko eremuan eraikiko da zerbitzu berri hau eskainiko duen eraikina. 30 urterako izango da lagapena dohainik eta baldintzen arabera jarduera horretara zuzendua egon beharko da zerbitzua. Honela bada, hurrengo udaberrirako martxan izatea espero da Ibilgailuen Azterketa Teknikoa eskainiko den zerbitzu berria Beasainen.
Udal gobernuak 2016an hasitako lanketaren ondotik eratorritako udalbatzaren onespenarekin, udalerriarentzako eta Goierri bailararako zerbitzu garrantzitsu bat ekartzea erdietsi da, batez ere egun ibilgailuen azterketa teknikoa egiteko dauden zailtasunak ikusita. Zerbitzu hau bertan eskaintzeak erosotasuna eta gertutasuna ekarriko du eta tokiko jarduera ekonomikorako onuragarria izatea aurre ikusten da.
Udalbatza osoko bilkuran proposatutako gai guztiak izan ziren aho batez onartuak. Horien artean Lurralde batzordetik proposatutakoetan Kale garbiketarako zerbitzua esleitzea izan zen. Zerbitzu Elkartea enpresari zerbitzua esleitzea onartu zen besteak beste baldintza eta hobekuntza hauekin; larunbat goizetan langile bat gehiago izango da lanean zerbitzua indartzeko, langileen soldaten eguneratzea eskatuko da, espaloiak hobeto garbitzeko desugerketa egingo duen makina berria erosiko da eta haizagailu elektrikoak erabiliko dira lehengoak ateratzen zuten hotsik ez egoteko. Bost urterako onartu da esleipena eta urtean garbiketa zerbitzuagatik 1.063.000 + BEZa ordainduko zaio.
Onetsitako beste gaien artean Goiekiko administrazio kontseilurako ordezkarien izendapena egon zen. Beasaingo Udalari Goiekin 3 ordezkari dagozkio eta gobernu taldearen proposamena onartu zen, alderdi bakoitzetik bana izendatzea; hala nola Aitor Aldasoro (EAJ-PNV), Mikel Olano (EHBildu) eta Eva Alvarez (PSOE-PSE).