Kiroldegiko zerbitzuen kalitatearen eskaintzan eta azpiegituren eraberritzean beste urrats bat ematen da honela kirol talde eta erabiltzaileen beharrei erantzunez. Bideetako asfaltaketa kanpaina abuztuaren azkeneko astean burutuko da
Udal arduradunen asmo eta eginkizunen ardatzetako bat mantenu lanen arloa da, alegia, udal azpiegitura eta mugikortasunari dagozkion baliabideak baldintza eta egoera aproposean edukitzea kalitatezko zerbitzua eskaintzeko herritarren beharrei begira.
Helburu horren baitan esleitu dira gobernu batzordearen azken bilkuran Antzizar kiroldegiko kantxako kirol-zoladura aldatzeko obra eta udalerriko kale-asfaltatze kanpainaren lanak.
Kirol-zoladura eta saski hornidura berriak Antzizarren
Antzizar kiroldegiak eskaintzen dituen zerbitzuen kalitatea hobetzen jarraitzeko beste urrats bat eman du Udalak. Kasu honetan kiroldegia eraiki zenetik (1985) berritu gabe dagoen azpiegitura bat izango da eraberrituko dena. Kantxako kirol-zoladurak esan bezala 35 urte beteko ditu aurki eta honen egoera ikusirik, kirol eraikinean lehentasuna zuen eginkizunen artean jarrita zeukan udal gobernuak lan hau eta aurrekontuetan aurreikusita bezala burutuko da.
Kirol talde eta erabiltzaileekin elkarlanean landutako gaia izanik eta hauen eskaerei erantzunez, kalitatezko eta egungo ezaugarri berritzaileenak dituen kirol-zoladura izango da instalatuko dena. Honekin batera aipatu, zoladura berriaz gain obra-kontratuan, kantxa saskibaloi-saski berriez hornitzeko baldintza ere adierazita dagoela. BKL kirol taldeko zuzendaritzan eta talde teknikoan parte hartzen duten boluntarioen lan onari esker klubak bizi duen egoera osasuntsuak honelako inbertsioa merezi du.
Lanen hauen ardura Soluciones Decorativas Ibaizabal S.L. enpresari esleitu zaio 237.160 eurorengatik eta egikaritze epea hiru hilabete eta erdikoa izango da. Lanek 8 urteko bermea izango dute.
Errepide eta bideen asfaltatzea
Hirigintza hobekuntza lanen artean urte sasoi honetan asfaltatze kanpainaren txanda iritsi denez lan hauen esleipena ere erabaki du gobernu batzordeak.
Ohi bezala, asfaltatzeari pintaketa lana gehitzen zaio eta eguraldia lagun abuztuaren 25ean hasi eta irailaren 1a bitartean iraungo dute aurtengo lanek. Ondorengo kale zati hauetako asfaltoa berrituko da: Urbieta zubia eta honen bidegurutzea Telefonikako eraikineraino; Trenbide kalean Errementari bideko bidegurutzetik Zapatari kaleko bidegurutzerainoko tartea; eta Olaran eraikinaren pareko errepide zatia. Garaje sarrerei dagokionez, Martina Maiz kalearen sarreran asfalto inprimatua jarriko da. Gobernua batzordean hartutako erabakiaren arabera, Asfaltos Urretxu enpresak burutuko ditu lanak astebeteko epean eta lanen kostua 79.191,82 eurokoa izango da.