Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Udal gobernua

Udalak babestutako langabetuentzako formazio ikastaroa abian

2020/09/14

Goierri Lanbide Eskolarekin elkarlanean, Beasaingo Udalak ikasturte honetarako babestu duen formazio ikastaroa soldadurari buruzkoa da 

Udal gobernuak langabeziari aurre egiteko helburuarekin, ikasketak dituzten beasaindar langabetuei zuzendutako ikastaroa da eta amaitzean enpresetan praktikak eginez lan munduan sartzeko aukera handia da

Udal gobernuak enplegua sustatzeko martxan jarritako egitasmoei tinko eusten die eta urte sasoi honetan Goierri Eskolarekin elkarlanean Formazio saioen laugarren edizioa abian jarri da. Kasu honetan, bigarren mailako ziurtagiri profesionaletako ikasketak dituzten beasaindar langabetuei zuzendutako formazio ikastaroa da antolatu dena eta soldadurari buruzkoa izango da.

Urtetik urtera aldatuz doaz ikastaroen edukiak bertako enpresek eta lan merkatuak eskatzen dituen ezaugarrien araberakoak izanik. Hargatik, langabezi tasa baxua eta laneratzeko aukera altua ematen duten ikasketak dira eskaintzen direnak. Beasaingo Udalarekin batera Ordiziakoak ere parte hartzen du formazio ikastaroan eta bakoitzak bere herriko ikasle kopuruaren baitan finantzatuko du ekintza. Beasaingo kasuan hamar herritar inguru dira parte hartuko dutenak eta Udalak bere osotasunean ordainduko die ikastaroa. 

Goierri Eskolan egindako aurkezpen ekitaldian Aitor Aldasoro alkateak aukera hau aprobetxatzera gonbidatu ditu partaideak ikastaro hauek duten enplegugarritasun altua nabarmenduz, ia hamarretik zortzik lortzen bait dute lanpostua praktikak amaitu ondoren. 

Enpresen beharrei erreparatuz

Oraingo honetan, Soldadurari buruzko formazio ikastaroa izango da emango dena. Soldadura gure inguruko enpresa ugaritan behar den prozedura da. Ikastaroan zehar 3 soldadura-teknologi landuko dira (soldadura oxigas, mig/mag eta TIG soldadura altzairuan). Horrela, ikastaroa burutzen duten ikasleek batetik teknologia desberdinak barneratzeaz gain, tailerreko ordu asko egingo dituzte eta horrek lagunduko die eskarmentu nahikoarekin praktiketara ailegatzea.

Era honetara, praktiken amaieran enplegagarritasun altua lortu ahal izatea espero da. Orotara soldadura teknikak ikasteko 580 ordu eskainiko dira eta beste 200 ordu praktikak egiteko zuzenduko dira beti ere atal teorikoa gainditu dutenentzat. 

Langabeziari aurre egitea helburu

Beasaingo Udal gobernuak langabeziari aurka egiteko konpromisoarekin jarraitzen du orain inoiz baino gehiago Covid 19ak eragindako krisia dela eta. Izan ere lana oinarrizko eskubidea izanik bizi kalitatean eragin zuzena du eta pertsonei duintasuna ematen die. Horrela, legegintzaldi hasieratik martxan jarritako egitasmoak mantentzen dira, batez ere langabezian dauden pertsonen ezaugarriei erreparatuz, eskualdeko enpresen lan eskaintzari lotzen zaien formazio saioak antolatuz.

Honela, Goierri eskolako formazio ikastaroak eta enpresetako lan praktikak, ekintzaile berrientzako diru laguntza ildoak (Anezka inkubategia adibide), eta Coworking-a bezalako ekimenak sustatu eta babesten ditu Udalak.

Beste arlo batean baino halaber, Beasaingo Udalak Caritas elkartearekin duen lankidetza hitzarmenari esker, Udalak Caritasen eskura jarritako baratze sozialetan hainbat pertsona daude baratze-zaintza tailerrean okupazio lanetan.