Maribel Vaquero senatariak eta Iñigo Barandiaran legebiltzarkideak Beasaingo trenbide eremuaren garapen urbanistikoaren proiektuaren xehetasunak ezagutu dituzte
Udal gobernuak herritarren mesedetan lanean jarraitzen du Beasaingo etorkizuna marrazten
Gobernu taldeko udal arduradunek, Leire Artola alkatea buru, Beasaingo burdinbide gunearen garapen urbanistikoaren inguruko xehetasunak eman dizkiete alderdi jeltzaleak Madrilen dituen ordezkari politikoei. Maribel Vaquero senataria eta Iñigo Barandiaran diputatua Beasainen izan dira bertatik bertara proiektuaren xehetasunak ezagutzen.
Helburua Adif-eko burdinbide gunea Beasaingo hiri-gunean txertatzeko proiektuaren xehetasunak aurkeztea izan da. Eremu hori udalerriari batuz, herritarren mesedetan eragina izango duten zerbitzuak eta azpiegiturak jartzeko. Horrela, eta Sustapen Ministerioak Ordizia-Beasaingo trenbide saihesbidearen informazio-azterlana behin kontratatzen duenean, azterlan horrek Udal gobernuak egindako proiektua kontuan hartzea da asmoa. Hori dela eta, Madrilen dauden euskal ordezkari politikoekin lankidetzan emango diren aurrera pausoak garrantzitsuak izango dira Udal gobernuaren proiektua gauzatzeko.
Kudeaketa lana Udalaz gain dauden erakundeekin
Egungo udal gobernua duela bi legegintzalditik ari da proiektu estrategiko horretan lanean. Madrilen udal gobernu taldeko alderdiak duen ordezkaritza politikoko pertsonen bidez egindako kudeaketen ondorioz, proiektu horrek 500.000 euroko partida izan zuen 2016an, burdinbide gunearen kokapen-aldaketari buruzko azterketa lana egiteko.
Azken urteotan egindako jarraipenaren bidez, egungo udal gobernua hainbat fasetan bildu da Madrilen ordezkatuta dagoen bere talde politikoko kideekin eta Madrilen eta Bilbon Sustapen Ministerioko eta Adif-eko arduradunarekin. Horrela, 2019an, Udal gobernuko ordezkariak Madrilen bildu ziren Adif-eko arduradunekin, burdinbide gunearen jabetza-eremua etorkizuneko hazkunderako integratzeak dakarren premia eta garrantzia azaltzeko. Lehenbailehen egiteak, Beasainen etorkizuneko hazkundean duen garrantzia azpimarratu dute udal agintariek. Izan ere udalerriaren berezitasun orografikoengatik zeharo zaila da garapena eta hedapen urbanistikoa handitzea. Ondorioz, eremu desegokiak, hazkundea eten eta sakabanaketa eragiten du.
Era berean, Adif-eko iparraldeko ondare eta operazio arduradunekin ere bildu ziren Bilbon udal agintariak, burdinbide gunea lekuz aldatzeko operazioaren bideragarritasun ekonomikoa aztertzeko.
Beasainen hazkunderako proiektu erabakigarria
Burdinbide gunea udalerrian txertatzeko proiektua Udal gobernuaren proiektu estrategiko garrantzitsuenetako bat da. Eremu hori funtsezkoa da, estrategikoki, Beasaingo etorkizuneko hazkundean. Burdingunea lekuz aldatzea dakarten obra horiek egitea Adifen eskumena da, eta beraz, Sustapen ministerioarena.
Informazio-azterketa behin eginda, aurrerapen garrantzitsua izango da udalaren interesentzat, azterlan horrek baldintzatuko baitu Adifeko egungo eremua hiri-gunean integratzeko azken helburua. Gune horretan espazio berdeak, merkataritzarako, zerbitzuetarako, aisialdirako, etxebizitzetarako, kirolerako eta abarretarako lekuak egotea aurreikusten da, baita geltoki intermodala eta N-1 errepidetik Beasainerako irteerak eta sarrerak ere.