Beasaingo Udala osatzen duten alderdi politikoek datozen egunetan erantzunkizunez jokatzeko eskatu diete herritarrei
Alarma egoera bukatzeak ez du pandemiaren eragina baretu. Egoera larria da oraindik eta pertsonak kutsatzen jarraitzen dute, gaixotzen, hiltzen… Txertatze kanpaina aurrera doan arren gaixotasunaren kaltea ez da desagertu. Astiro badoa ere bagoaz aurrera eta geroz eta gehiago dira txertoa jaso dutenak.
Hala ere, datozen hilabeteetan arduraz jokatzea dagokigu. Soberan dakigu zein diren hartu beharreko neurriak; maskara egoki jantzi, distantzia mantendu, eskuen garbitasuna eta jendarteak saihestu.
Datozen egunetan ospatu beharko genituzken Loinatz jaiak aurten ere ez dira izango. Egun bereziak beasaindarrontzat, urtean behin gogotsu hartzen ditugunak. Baina bigarren urtez ezin izango ditugu ospatu gure herriko jaiak. Ez-jairik ez dago, eta hortaz jabetzea herritar, ostalari, merkatari, elkarte, herri-eragile… bakoitzak bere eremuan, guztion erantzunkizuna da. Udalak bere eskumenekoak diren ardurak eta baliabideak, martxan jarriko ditu neurriak bete daitezen, Udaltzaingoaren ordutegia luzatuz Ertzaintzarekin elkarlanean.
Luze egiten ari zaigu baina zentzuz, arduraz eta konpromisoz jokatzeko garaia da. Guregatik eta gure inguruan daudenengatik, gehien maite ditugunengatik. Gaixotasunak erakusten digu ahulenak ez ezik, edonor eraman dezakela.
Izango dugu aukera Mariren jaitsieran, danborradan, koadrilen egunean, mozorroen egunean edo barraketan gozatzeko. Iritsiko da festa, dantza eta musikaz disfrutatzeko aukera.
Bitartean jokatu gizalegez. Neurriak hartuta ibili edonon eta mantendu ditzagun txukun gure Beasaingo txoko eta bazterrak. Elkar zaindu eta errespetatu gaitezen guztion onurarako izango baita, hurrengoan behar den moduan Loinatz jaiak ospatzeko moduan izan gaitezen. Guztion ardura da, norberarengandik hasiz erantzunkizun hori hartuz. Denon artean gaindituko dugu.