Leire Artola alkatea, Katalunya edo Toulouseko adibide ezberdinak gertutik ezagutzen egon da
Aldi berean, Gernikako Pasealekuan instalatuko den errekarga puntuaren xehetasunak ezagutu ditu Indar-Ingeteam-eko ordezkarien bidez
Pasa den Apirilaren 27 eta 28an “Go Mobility by MUBIL” kongresua ospatu da Irungo FICOBA aretoan. Bertan, Europa hegoaldeko mugikortasun jasangarriaren ekosistemaren eragile eta enpresa nagusiak bildu dira. Mugikortasunaren sektoreko hainbat arlo desberdinetako enpresak elkartu dira kongresu honetan, hala nola, autogintza eta ekipamendu elektrikokoak, bateria-fabrikatzaileak, energia-hornitzaileak, azpiegituren eta sareen enpresak (oil, gas eta hidrogenoa), zerbitzuen integratzaileak, konektibitatea eta Big Datako enpresa adituak, besteak beste.
Leire Artola, Beasaingo alkateak kongresu honetan mugikortasun jasangarriaren inguruko azken berriak jaso nahi izan ditu bertatik bertara. Izan ere Udal gobernuak tinko mantentzen du bere konpromisoa ingurugiroaren babesaren alde eta klima aldaketaren aurkako borrokan. Horretarako azken urteetan lanean dabil hainbat ekimen aurrera eramanez. Besteak beste mugikortasun jasangarria eta energia eta klima aldaketaren planak gauzatuz. Horregatik, zeharo interesgarritzat jo du kongresu honetan aurkeztu diren berrikuntzak ezagutzea.
Guzti hauen artean, mugikortasuna era jasangarriagoan egiteko, gure egunerokoari irtenbideak eman ditzaketen Europako hainbat adibide ezagutzeko aukera izan du Leire Artola alkateak kongresuan bildutako erakusketa postuetan.
Bisitan zehar, Toulouse edo Katalunyako ordezkariekin solastu ziren Leire Artola alkatea eta Adur Ugartemendia Lurraldea saileko zinegotzia. Baita kongresuan parte hartu zuten Beasain eta Goierriko enpresetako zenbait arduradunekin.
Gernika pasealekuan ibilgailu elektrikoentzako errekarga puntua
Ibilgailuez gain, hauentzako errekarga puntuak ere protagonismo handia izan dute kongresuan eta Indar-Ingeteam enpresa beasaindarraren Ingeteam Rapid 120/180 modeloa bilakatu da erreferentzia nagusi. Udal Gobernuaren asmoa Gernika pasealekuko aparkalekuan errekarga puntu hau jartzea da. Errekarga puntu honen bidez bi ibilgailu elektriko hornitu ahal izango dira.
Errekarga puntu eredu hau saritua izan da “Red Dot Award” izeneko nazioarteko diseinu sarietan, Urban Design atalean. Indar-Ingeteam-eko errekarga puntuen saileko Diego de Torres-en hitzetan, “15 minututan bateriaren %80 kargatzeko gai da”.
Mugikortasun jasangarriago baterako aurrera pauso bat gehiago suposatuko du azpiegitura honek. Bi helburu lortzen ditu Beasaingo Udalak honela: tokiko enpresarekin harreman zuzena estutzea azken teknologiadun baliabideak eskuratuz eta era berean mugikortasun jasangarriaren aldeko ekimen bat gauzatu.
Kongresuan Beasain eta Goierri bailarako hiru enpresa nabarmendu dira: CAF-Solaris, Irizar eta Indar-Ingeteam. CAF-Solaris eta Irizarren kasuan beraien azken garapen teknologikoen erakusgarri diren hiri autobusak aurkeztu dituzte: Solaris Urbino 15 LE electric eta Irizar ie tram modeloak. Hauen ezaugarriak partekatzeaz gain, eraikinaren kanpoko gunean ibilgailuak frogatzeko aukera eskaini zuten.