Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Udal gobernua

Udalerrian energia garbien sorkuntzarako proiektuak abiarazi ditu Udalak

2022/05/11

Kiroldegiko plaka fotovoltaikoak instalatzeko lanak esleitu dira eta urte amaierarako funtzionamenduan izango dira

Fundiciones Estanda-k sortzen duen bero soberakina kiroldegian aprobetxatzeko proiektu aintzindariari lehen bultzada eman zaio

Beasaingo Udala eta Sasietaren arteko lankidetza hitzarmenari baiezkoa eman dio aho batez osoko bilkurak 

Apirilari zegokion Udalbatzaren osoko bilkuran onartutako gai nabarmenenak Beasaingo udalerrian jasangarritasun energetikoarekin eta energia berriztagarrien sorkuntzarekin lotutakoak izan ziren. Egungo krisi klimatiko eta energetikoaren ondorioz, erakunde publikoek berehala euren ahaleginak gai estrategiko eta erabakigarri hauei konponbidea emateko jarri behar izan dituzte. Hitzetatik ekintzetara igaro beharrarekin, Udal gobernuak erronka horri irtenbidea emango dioten proiektuak eta ekimenak abian jartzeko proposamenak aurrera eramaten ari da. 

Mugikortasun Iraunkorreko planaz eta Klimarako eta Energia Jasangarrirako Ekintza Planaz gain, Leire Artola buru duen gobernuak hiru ekimen anbiziotsu ditu esku artean eraginkortasun energetikoaren inguruan; Antzizar kiroldegiko estalkian plaka fotovoltaikoak jartzea, Sasietan parke fotovoltaiko bat sortzea eta Fundiciones Estanda tokiko enpresak bere labeetan sortzen den bero soberakina aprobetxatzea Antzizar kiroldegian erabilitako ura berotzeko. Azken proiektu hori aitzindaria da EAEn, eta Foru Aldundiarekin eta Fundiciones Estandarekin lankidetzan gauzatuko da.

Plaka fotovoltaikoak Antzizarren urte amaierarako

Bertan sortutako energiaren aprobetxamendua  sustatzeko proiektuen inguruko proposamenen artean Antzizar kiroldegian plaka fotovoltaikoak jartzeko lanak esleitu dira. Gobernu batzordeak onartuta, lanak Tapia Instalazio Elektrikoak S.L. enpresari esleitu zaizkio 311.823,94 (BEZ barne) euroren truke. Egikaritze epea 17 astekoa izango da. Lan honekin, autokontsumorako 300kW-ko eguzki plaka fotovoltaikoen instalazioa burutuko da. Plaka fotovoltaikoek jasoko duten eguzki-energiaren bitartez, eraikinak kontsumitzen duen energiaren %31,1 lortuko da. Aldi berean, urteko 131.645,37 kg CO2ren isurketa saihestuko da atmosferara, edo beste modu batera adierazita, urtean 14.627 zuhaitzek xurgatzen duten CO2 kantitatea. Instalakuntzaren aurreikusitako bizi iraupena 25 urtekoa izanda, guztira 3.290.000 CO2 Kg atmosferara isurtzea saihestuko direlarik. Gauzak ondo bidean lanak udan hasita egotea espero da eta inbertsioa 8 urtetan amortizatuko litzateke elektrizitate merkatuko prezioen gora-beheren arabera.

Industria-energia termikoaren aprobetxamendua

Udalak duen energia kontsumoa iturri berriztagarrietatik hornitzeko helburuarekin, bero aprobetxamenduari loturiko ekimen berria jarriko du martxan Udalak. Proiektu aitzindaria da Euskal Herrian, eta honen helburua Fundiciones Estandako labeek sortzen duten bero soberakina igerilekuetako, dutxetako, berogailuetarako eta kiroldegiko gainerako instalazioetako ura berotzeko aprobetxatzea da. Aurreproiektuak dio Kiroldegiak behar duen beroaren %64 lortu daitekela azpiegitura berri honen bidez, biomasarekin konbinatuta, %95eko estaldura emango lukeena. Eraikinak behar duen energia termikoaren %5 sortzeko soilik erabiliko litzateke gas naturala. Proiektu hau mugarri bat izateaz gain, EAEko beste herri batzuetara esportatu daiteke.

Egitasmo honen egikaritza lankidetza publiko-pribatuaren bidez gauzatuko da, Beasaingo Udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Fundiciones Estandaren artean. Elkarrizketak aurreratuta daude, eta datozen asteetan lankidetza-hitzarmena izenpetzea espero da. Proiektu honetarako diru-lerroa kreditu aldaketa bidez onartu zen osoko bilkuran EHBilduren abstentzioarekin eta EAJ eta PSEren aldeko bozekin. 

Parke fotovoltaikoa gauzatzeko lehen pausoa

Sasieta Mankomunitateko batzorde errektorean aho batez onartua izan ondoren, Beasaingo Udalaren osoko bilkurari zegokion bien arteko hitzarmenari hasierako onespena ematea eta hemen ere aho batez onartu zen. Hitzarmenak funtsean, Sasieta Mankomunitateak eta Beasaingo Udalak burutuko duten elkarlanean parke fotovoltaiko baten instalakuntza ahalbideratuko du. Hortik bi helburu nagusi hauek gauzatuko dira; alde batetik beasaindarrez osatutako komunitate energetiko baten sorrera bertatik eta neurri batean “Km 0” -ko energia jasangarria lortzeko eta bestetik Sasietak bere energia elektrikoaren behar osoa parke bereko plaketatik eskuratu ahal izatea. 

Horretarako bakoitzaren konpromisoak honako hauek izango dira. Sasietak eta Udalak erdibana finantzatuko dute lurzoru horren kalifikazioa aldatzeko Plan Nagusiak eskatzen duen proiektua. Aldi berean, Udalak bere gain hartuko du herritarrak ekimenera atxikitzeko baliabideak jartzea eta Sasietak, lurzorua lehiaketa publikora ateratzeko betebeharra bermatzen du. 

Merkatarien salmentak on line ahalbidetzeko laguntzak

Beasaingo merkataritza indartzeko asmoarekin, Beasaingo Udalaren helburuetako bat da udalerriko merkataritza gaur egungo kontsumo joeretara eta beharretara egokitzen joatea. Sektore hau indartzeko asmoarekin, gure establezimenduak online salmenta bideratzeko aukera izatea da. Hori horrela, “Goierriko azoka” plataforman parte hartzeko merkatari eta ostalarientzako diru laguntzen oinarriak onartu dira aho batez.  

“Goierriko azoka” eskualde mailako plataforma digitala sustatzeko eta merkatariak nahiz ostalariak plataforma hau erabiltzen hasteko dirulaguntza ematea egokia ikusten du Udalak, izan ere, horren bitartez merkatari eta ostalariek euren produktu eta zerbitzuak online erakutsi eta saltzeko aukera izango dute, horrela kontsumo ohitura berriei egokituz eta bezeroei eskualdeko mailako produktuak erosteko kanal berria eskainiz.

Xede hau betetzearren Udalak “Goierriko azoka” plataforma digitalean izena ematen duten merkatariei nahiz ostalariei, produktuak erakusleiho moduan agertzeko edo/eta online salmentara bideratzeko %50-eko dirulaguntza emango die.

Berdintasunaren sustapena

Berdintasunaren arloan bi proposamen aho batez aurrera atera ziren osoko bilkuran. Lehena Udalerrian emakume eta gizonen arteko aukera berdintasun sustatzen duten elkarteentzako dirulaguntzen oinarri arautzaileak izan ziren. Diru laguntzek elkarte feministen ohiko funtzionamendurako eta herritarrei zuzendutako proiektuak aurrera eramateko izango dira. 

Beasainen berdintasunaren alde sentsibilizazioa sustatzeko, honen inguruko proiektuak aurrera eramateko eta herritarren parte hartzea sustatzeko, Beasaingo berdintasun kontseiluaren araudiari hasierako onespena eman zaio. Berdintasun planaren baitan gauzatutako ekimena izanik, hilabetero elkartzeko asmoa izango du foro honek. 

plenoa 20220505 6