Beasaingo Udala osatzen duten alderdi guztiek, bere gaitzespenik irmoena azaldu nahi dute Beasainen igande goizaldean emakume baten aurka izandako sexu-erasoaren aurrean eta elkartasun osoa adierazi biktimari eta haren senideei eta hurbilekoei.
Eraso honek gogorarazten du emakumeenganako indarkeriaren arazoaren aurrean ez dela inolako tolerantziarik ametitu behar. Jaien inguruan DENAK EZ DU BALIO. Beasainen indarkeria matxistak eta sexu bortxakeriak ez dute lekurik. Udal alderdiek jaien atarian egindako adierazpenean garbi utzi zuten askatasunean, berdintasunean eta errespetuan oinarritutako jai eredua nahi dela. Sexu-erasoak pertsonen askatasunaren kontrako eraso zuzenak dira, pertsonen duintasunaren aurkakoak eta onartezinak. Horregatik onartezina da erasotzaile batzuk, jaia inpunitate gune bilakatu nahi izatea, esparru hauetan erasoan jarraitzeko. Erasoak ez dira jolas dibertigarri eta hutsal baten ondorio, indarkeria matxistaren ondorio baizik. Horregatik, gertakari horiei aurre egiteko gizarte osoak konpromiso aktiboa har dezan eskatzen zaio herriari. Beasainen, emakumeak aske sentitzen diren jaiak nahi ditugu, eta ez dira onartzen, ezta onartuko ere inolako eraso sexistarik.
Une honetan Beasaingo Udalak babes eta elkartasun guztia helarazi nahi dio biktimari eta bere inguruneari, baita bere eskubideak eta intimitatea babesteko errespetu osoa ere. Beasaingo Udalak dituen zerbitzu eta laguntza guztiak jarri ditu bere eskura. Ertzaintzak erasoa argitzeko eta erasotzaileak aurkitzeko ikerketa irekita dauka eta lanean darrai.
Eraso anker hau salatzeko, Beasaingo Udalak, Asmube eta Oriako Lamiak elkarte feministek bezala, bat egiten du Beasaingo Asanblada Feministak egindako elkarretaratze deialdiarekin. Honela, herritarrak deitzen ditu gaur arratsaldeko 19:00etan Erauskin plazan egingo del elkarretaratzean parte hartzera.