Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Udal gobernua

Uholdegarritasun arriskua gutxitzeko lanen proiektua aurkeztuko die Udalak Ezkiagako auzotarrei

2022/07/05

Udal gobernuak azken urteetan CAF eta URA Ur Agentziarekin elkarlanean egindako kudeaketa eta lanaren ondotik eratorritako proiektua da ibaiaren ubidea zabaltzeko lana

Udalak auzotarrak deitu ditu Murumendi ikastetxeko irakasle gelan uztailaren 6an egingo den bilerara lanen inguruko xehetasunak emateko

Ezkiaga auzoan Oria ibaiak eragiten duen uholdegarritasun arriskuaren arazoari irtenbidea emateko lanen proiektuaren inguruko xehetasunak aurkeztuko dizkie Udalak auzotarrei. Udal gobernuak azken urteetan CAF eta URA Uraren Euskal Agentziarekin elkarlanean egindako kudeaketa eta lanaren ondotik eratorritako ondorioa da Porteria eremuan Oria ibaiaren ubidean egingo diren lanak. 

Beasainen aurrera eraman nahi diren proiektu guztiak ez dira egun batetik bestera martxan jartzen diren horietakoak, ezta bakarrik gauzatu daitezkenak ere. Batzuk lanketa sakon eta ahalegin berezia eskatzen dute eta horietako bat da, hain zuzen ere, Porteriako eremuari dagokiona. Instituzioekin (URA) eta entitate pribatuekin, CAFen kasua, burutu den elkarlanari esker gauzatu den proiektua da oraingoa. 

Segurtasuna eta inguruneari erantsitako balioa

CAFerako sarrera nagusia, "Porteria" bezala ezagutzen dena, inguru enblematikoa da udalerriarentzat. Ibaiaren ubidea handitzeak ekarriko du orain arte udalerriko eremu honek nozitzen zuen uholdegarritasun arriskua murriztea eta hori da lortu dena Udalak aurrera eraman duen kudeaketari esker. Ingurua berrurbanizatzeak duela hamarkada batzuetatik ditugun uholde-arrisku arazoak errotik kentzea dakar, eta, beraz, pertsonen eta ondasunen segurtasunean irabaziko da.

Gainera, ingurunearen irisgarritasuna hobetzeko aukera emango da, eta bidegorria mantenduz, zirkulazioaren bi noranzkoak berreskuratuko dira bertako trafiko arazoei irtenbidea emanez eta bidearen bi aldeetan espaloi zabalak jarrita. Ezkiaga auzoarentzat aurrerapauso bat izango da, zalantzarik gabe pertsonak helburu dituen proiektua da, herritarren eta auzotarren ongizate eta bizi kalitatea hobetu eta aukera berriak ahalbidetuko dituena.

Honek guztiak, Porteria eremuko eraikinen eraispena ekarriko du. Udalak baliabide guztiak jarri ditu martxan eraispenak, urbanizazio proiektua eta obra berrien hasiera arintzeko. Aisialdirako gune berria erakargarri bihurtuko da, eta balio erantsia emango dio eremuari. Lanen dimentsioa aprobetxatuz, Udalak eremu honen jarraian geratzen den ibilbidearen irisgarritasuna eta oinezkoentzako hobekuntzarako esku hartze bat txertatu du hitzarmenean. Jose Migel Iturriotz kalea eta Urbietako zubiaren artean geratzen den tartean, ibaiaren aldeko espaloiari zabalera gehiago emango zaio egun oinezkoen pasabidea hobetzeko. Espaloiaren zabaltzea are eta nabariagoa izango da zubian. Espaloiaz gain, aparkalekutik datorren bidegurutzea hobetu eta Urbieta eraikineko edukiontzien irisgarritasuna hobetuko da. Bidegorria espaloiaren kotara igoko da baita ere.

Honetaz guztiaz azalpenak emateko bertatik bertara, udal ordezkariak Ezkiagako auzotarrak deitu dituzte uztailaren 6an, 18:00etan Murumendiko irakasle gelan egingo den bilerara. Bertan lanen inguruko xehetasunak emango dituzte.