Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Udal gobernua

Guztiok elkarlanean kontziliazio erantzukidean aurrera egiteko bidea zabaldu du Beasainek

2022/10/21

Herrilab3B herri laborategiak egindako ibilbidearen balantzea eta ikasgaiak partekatzeko jardunaldia egin dute gaur goizean Igartza jauregian, erakundeetako, ekonomiako eta gizarte alorreko ordezkarien partaidetzarekin 

Lau urteko ibilbidearen ondoren, orain arte egindako lanaren ikasgaiak partekatu eta balantzea egiteko jardunaldia antolatu du gaur goizean Herrilab3B  -Beasain Berdintasunean Bizi- Kontziliazio Erantzunkide Laborategiak. 2018an lanketa hasi zenetik, 2.000 lagun baino gehiagok parte hartu dute Beasaingo Udalak eta Foru Aldundiak elkarlanean abiarazitako egitasmo honetan, zeinetan aktiboki parte hartu duten herriko elkarte, ikastetxe, saltoki eta enpresek, besteak beste.

“Orain arteko ibilbideak ikasgai garrantzitsuak uzten dizkigu. Proiektu esperimental honen bitartez, Beasainek bidea zabaldu du, erakutsi digu guztiok elkarlanean berdintasunean eta kontziliazio erantzunkidean aurrera egiteko neurri eraldatzaileak martxan jarri ditzakegula”, azpimarratu du Markel Olanok. Diputatu nagusiak animatu nahi izan ditu Gipuzkoako gainontzeko herri eta eskualdeak, Herrilab3Bren ikasgai eta esperientzian oinarrituz, kontziliazio erantzunkidearen aldeko antzeko ekimenak martxan jartzera. Aldi berean, Aldundiak bere politika publikoetan txertatuko ditu ikasgai horiek.

Bere ustez, “oraindik asko” gelditzen da egiteko emakumeen eta gizonen arteko “berdintasun erreala” lortzeko ahaleginean. “Kontziliazio erantzunkidea palanka eraginkorra da helburu horretara bidean aurrera egiteko. Baina, horretarako, gizonezkook bereziki asko dugu egiteko, tradizionalki gure gizarteak emakumeen gain uzten baititu oraindik ere zaintza eta etxeko lanak”, gogoeta egin du diputatu nagusiak. Gaineratu duenez, “erakundeek alor honetan pauso berriak emateko” ardura dute, baina “gizarteak modu konpartituan neurri berritzaileak” sustatu behar ditu. “Horregatik da hain garrantzitsua helburu hau lortzeko bidean erakundeen nahiz gizarte eta ekonomia alorreko eragileen arteko lankidetza dinamika berritzaileak abiaraztea”, aipatu du.

Leire Artolak, Beasaingo alkateak, urte hauetan Beasaingo norbanako, gizarte eragile eta elkarteek proiektu honetan erakutsitako konpromisoa balioan jarri eta eskertu du. Gipuzkoa osorako erreferentzia izatearen garrantzia azpimarratzeaz gain, “Beasain eta beasaindarrek aitzindaritza hartu dugu kontziliazio erantzunkidearen bidean. Udalerri parekideago izatea helburu, gizarte kohesiorako eta kontzientziaziorako ikasgai izatea balio izan digu eta izaten jarraituko du hau ez baita amaiera.   Gizon eta emakumeen arteko kontziliazio erantzunkidea zein egoeratan dagoen aztertuta, hobetu beharreko alorrak identifikatu eta konponbideak aurkitzen jarraituko dugu”, adierazi du alkateak.

Olano eta Artolaz gain, ekitaldian parte hartu du baita ere Miren Elgarrestak, Emakundeko zuzendariak. Jardunaldian zehar, batetik, herriko eragileek Beasainen martxan jarritako ekintza esperimentalen berri eman dute. Bestetik, herritik kanpoko eragileek ekintza horien balioaren eta lurralde osorako utzitako ikasgaien inguruko gogoeta egin dute.

Etorkizuna Eraikitzen testuinguruan

2019an aurkeztu zuten herritarren aurrean Herrilab3B proiektua. Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak elkarlanean bultzatutako egitasmo honen bitartez, kontziliazio erantzunkidea hobetzeko esperimentazio laborategi da ordutik Beasain, herriko eragileen eta biztanleen inplikazioarekin. Guztiok elkarlanean, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna era esanguratsu eta iraunkorrean sustatzeko ekintzak diseinatu, probatzea eta ezartzea du helburu. Esperientzia aitzindari honetatik eratorritako ezagutzak berdintasun eta kontziliazio politiketarako baliatuko dira, eta aldi berean, eredu izango dira lurraldeko beste udalerri eta eskualdeetan antzeko esperientziak garatzeko.

Joan den astelehenetik hona Herrilab3B astea ospatzen ari dira Beasainen eta astean zehar egingo diren ekintzei amaiera eman die gaurko jardunaldiak. Herriko ikastetxeetan, esate baterako, hezkidetza eta kontziliazio erantzunkidea izan dute hizpide ikasgeletan, Maite Arrese ipuin kontalariak eskainitako saioen bitartez. Bestalde, joan den asteazkenean, Igartzan World kafe moduko dinamika bat egin dute, Kontziliazio erantzunkidean aurrera egiteko zer egin dezakegu? izenburupean.

Gainera, otsailean egindako proiektu esperimentalari jarraituz, aste honetan ere herriko hogei denda inguruk erabaki dute beren ordutegiak egokitu eta itxiera aurreratzea. Horrela, astelehenetik ostiralera, arratsaldeko ordutegia 16:00etik 19:00etara moldatuko dute ekimen honekin bat egiten duten saltokiek, Herrilab3B astearekin bat eginez. Ordutegiak arrazionalizatzeko esperientzia berri honekin, merkatariek euren kontziliazio beharretan jarri nahi dute arreta eta bere ekarpena egin Beasain berdinzaleago bat lortzeko bidean.

Proiektu esperimentalak eta abar

Gogoan izan behar da beasaindarrek oso balorazio positiboa egin zutela saltokiek otsailean egin zuen ordutegi-arrazionalizazioaren esperientzia pilotua aitzindariaren inguruan –horrelako lehenengo egitasmoa izan zen Euskadin–. Hala ondorioztatzen da joan den hilean udalerriko kaleetan egindako inkestatik; izan ere, herritarren % 80k baino gehiagok uste zuen egokia dela itxierako ordu-tartea aurreratzen probatzea, eta hamar lagunetik bederatzi ados agertu ziren ekimena osorik edo zati batean hedatzeko –urte osoan, hilabete jakin batzuetan edo urteko egun batzuetan–.

Bigarren proiektu esperimentala hezkuntza komunitatearekin lankidetzan abiarazitako ekimen bat da. Genero rol tradizionalak hausteko eta aitek adingabeen zaintzan duten inplikazio maila handitzeko (bilera orokorretan eta jarraipenekoetan parte hartzea, etab.), ikastetxeek lehentasuna eman zioten 2021-2022 ikasturtean aitarekiko harremanari edozein gorabeheraren aurrean; hau da, seme edo alabarekin intzidentzia bat gertatu eta lehenengo deia beti aitari zuzendu zaio.

Udalerriko bost ikastetxeetatik hiruk parte hartu zuten ekintza pilotu honetan: Murumendi, Alkartasuna Lizeoa eta La Salle (azken horretan, Haur Hezkuntzako 5 urteko gelan eta L. H.-ko 1. eta 2. mailetan). Aipatutako eskoletan lortutako datuen arabera, ekintza horren ondorioz ikusi da aitek inplikazio handiagoa dutela seme-alaben intzidentzien kudeaketan.

Azkenik, enpresa eta lan munduari dagokionez, seme-alaben oporraldian familien kontziliazio erantzunkidearen errealitatea aztertu da, ikastetxeekin eta udalerrian kokatutako bi enpresarekin lankidetzan. Egindako azterketaren bidez, egiaztatu da Beasaingo emakumeen artean oraindik ere lanaldi hirukoitzak daudela (lana, etxeko lana/zaintza eta lan emozionala edo karga mentala), emakumeek hartzen baitute neurri handiagoan beren gain udako oporraldian adingabeak zaintzeko familia-antolamenduaren ardura.

2.000 partaide baino gehiago

Gainera, urte hauetan guztietan, 2.000 lagun eta 100 eragile eta erakundek baino gehiagok parte hartu dute Herrilab3Bren ekimenetan. Lau urtez luzatu den lanketa honetan, besteak beste, Beasaingo kontziliazio erantzunkidearen egoerari buruzko azterlana egin zen, baita Udaletxeko telelanari buruzko diagnostikoa.

Horrez gain, Berdintasuna etxean hasten da hezkidetza programa landu zuten ikastetxeetan eta, beste hainbat prestakuntza eta partaidetza dinamikaz aparte, COVID-19ak Beasaingo enpresen berdintasun- eta kontziliazio-politiketan izandako eraginari buruzko ikerketa burutu zuten.

 Herrilab3B 20221021 1 Herrilab3B20221021 4 

Herrilab3B 20221021 2 Herrilab3B 20221021 3

Herrilab3B20221021 10 Herrilab3B20221021 4