Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Udal gobernua

Udal zerga eta tasak izoztuta jarraituko dute datorren urtean

2022/11/02

Kudeaketa eredu onaren ondorioz kontuak osasuntsu eta zorrik gabe edukitzeak ahalbideratu du erabakia

Terrazak, erakustokiak eta beste elementu lagungarriak jartzea arautzen duen udal ordenantza behin betiko onartu da

Trafiko ordenantzan egindako aldaketen onespenarekin, herri-gunean pertsonak ibilgailuen gainetik lehenesteko helburuan beste urrats bat eman da

Ez da igoerarik ezarriko 2023ko udal zerga eta tasetan. Urriko osoko bilkuran udal gobernuak egindako proposamena aurrera atera da EHBilduren abstentzioarekin (5) eta Alderdi Sozialista (2) eta EAJren (10) aldeko botoekin eta izoztuta geratuko dira. Beasaingo Udalaren egoera ekonomiko osasuntsuak eta zor bizirik ez edukitzeak ahalbideratu du beste urte batez tasen kopuruak bere horretan uztea. 

Erabaki hau, udal gobernuak aurrera daraman ekonomiaren kudeaketa onean oinarrituta dago. Zuhurtziaz jokatu izanaren ondorioz eta kontuak osasuntsu edukitzeak, erabaki hau hartzeko ahalmena ematen dio Udalari herritarren mesedetan.

Terrazen udal ordenantza behin betiko onartua

Plaza eta kaleetan kokatzen diren ostalaritza terrazak modu sakonagoan arautzen ditu ordenantza berriak, espazio publikoaren erabilpen orekatuagoa egin dadin. Azken urteetan agertu diren terraza elementu berriak erregulatzen dira, irisgarritasun baldintzak bermatu eta hiri paisaia zainduz. Errealitate honen aurrean, arau berriak onargarriak diren elementuak zehaztu eta hauek bete behar dituzten tamaina, kolore eta bestelako ezaugarriak azaltzen ditu.

Bide honetan, arau berriak herriko plaza, oinezko gune eta espaloien okupaziorako baldintzak xehetzen ditu kasuistika eta baldintza desberdinak kontuan hartuz. Iradokizunak eta alegazioak kontuan izanda, ordenantza behin betiko aho batez onartu zuen udalbatza osoak eta indarrean sartuko da datorren urtarrilaren 1etik aurrera. Indarraldian sartuko den prozesuan, ostalariek beraien terraza eskakizunak aurkeztu beharko dituzte hirigintza sailean, arau berrien baitan onartu eta eguneratu daitezen. 

Trafiko ordenantzaren aldaketa

Ordenantzaren aldaketaren helburu nagusia oinezkoen segurtasunean aurreraupauso bat ematea da, bidegurutze arriskutsuak ezabatuz, plazetan ibilgailuen joan etorria murriztuz eta oro har, oinezko gehien dauden eguneko momentuetan baimena duten ibilgailuentzako sarbideak baldintzatuz. Proposamenaren bozketan, EHBildu abstenitu egin zen (5) eta PSE eta EAJ-PNVk alde bozkatu zuten.

Eguneko zentroa eta etxez etxeko laguntza zerbitzuen luzapena

Osoko bilkuraren hasieran gai zerrendan premiazko puntu berri bat sartzearen aldeko erabakia hartu zen. Hain zuzen ere, eguneko zentroa eta etxez etxeko zerbitzua eskaintzen duen enpresari kontratua luzatzeko erabakia. Zerbitzu honen lizitazioari errekurtsoa aurkeztu zitzaionez prozedura etenda geratu zen. Funtsezko zerbitzua denez, jarraian etenik gabe ematea beharrezkoa da. Beraz salbuespeneko egoera denez, kontratu honen luzapenaren erabakia bozketara eraman zen. Ondorioz Udala eta zerbitzu hauek eskaintzen dituen Goxara enpresaren arteko kontratua luzatzea onartu zen EHBilduren abstentzioarekin (5) eta PSE (2) eta EAJ-PNVren (10) aldeko bozekin, harik eta lizitazioaren erabakiari aurkeztutako errekurtsoa ebazten den arte. 

Gai zerrendako beste gaien artean, Gipuzkoako Taxisten Elkarteak, Goiekiren bidez, Goierriko erregimen bereziko eremuan aplikatzeko 2023 urterako tarifen onespena zegoen. Goierriko eskualdeko eremuan aplikagarri izango diren Agitaxek Goiekiren bidez proposatutako tarifak indarrean daudenekiko %10,3ko igoera izango du. Proposamena aho batez onartu zuen udalbatza osoak.