Espreski jasotzen diren beka, sari edo bestelako laguntzak badira baina Udalaren nahia kultur sorkuntzako beste esparru batzuri laguntzak ematea da eta hala onartu dira aurtengo laguntzen oinarriak
Merkataritza biziberritzeko laguntzak emateko irizpideak onartuta lokal hutsak bete eta merkatal sarea eta aukera handitu eta udalerriko zenbait eremu biziberritu nahi dira
Kultura eta honen adierazpide nagusiei lotutako laguntzaren inguruko gaia aztertu du udalbatzaren osoko urtarrileko bilkurak. Mahaigainean kultur sorkuntza sustatzeko laguntzak emateko oinarriak zeuden onartzeko proposamenean. Beasaingo Udalak kultur arloko hainbat esparrutan duen jarrera sustatzailea ez da berria. Horren adibide urtero hitzarmen desberdinak medio aurrera eramaten diren ekitaldiak, emanaldiak, erakusketak eta abar dira.
Are gehiago, Covid-19 pandemiak kultur eta sorkuntza arloetan eragin duen kaltea kontuan izanda. Helburu horren adibide udal egutegia eratzeko argazki-lehiaketa, Beasain idazlehiaketa-sariak, Loinatz jaietako kartel lehiaketa eta baita ere, urtero herriko elkarteekin egindako hitzarmen desberdinak medio, aurrera eramaten diren ekitaldiak, erakusketak, eta abar.
Kultur sorkuntzari dagokionez, Beasaingo Udaleko aurrekontuetan espreski jasotzen diren beka, sari edo bestelako laguntzak badira baina Udalaren nahia kultur sorkuntzako beste esparru batzuri laguntzak ematea da. Horregatik, 2023ko aurrekontuan sorkuntza hori sustatzeko eta Covid-19 pandemiak kultura-sektorean sortutako ondorioak arintzen laguntzeko oinarriak onartu ditu udalbatzak urtarrileko osoko bilkuran.
Alderdi guztiek aho batez onartutako oinarrien arabera, aurkeztuko diren proiektuek euskararen presentzia bermatuz, alor hauen ingurukoak lagunduko dira: sorkuntza eszenikoa, obra bisual eta plastikoak, ikus-entzunezko lanak, musika edo soinu-konposizioak, ekintzailetza edo ikerkuntza proiektuak, haur eta nerabe literatura eta helduentzako literatura proiektuak. 18 urtetik gorakoak izango dira onuradunak, beasainen erroldatuak eta proiektuaren aurrekontuaren %75 finantzatuko da gehienez 3.000 eurorekin. Eskabideak irailaren 10a baino lehen aurkeztu beharko dira.
Igartza Literatur Sorkuntza Bekaren oinarriak onartuta
Gazteei zuzendutako Igartza Literatur sorkuntzarako bekaren aurtengo oinarriak ere osoko bilkuraren onespena jaso du aho batez. Gazteen euskarazko literatur sorkuntza bultzatzen jarraitzea du xede aurten deituko den XXVI. edizioak ere eta oinarrien onespenarekin batera, bertan parte hartzeko deialdia zabalduko da.
Merkataritza sendotzeko apustua
Udalbatzaren osoko bilkurak onartu dituen laguntzen oinarrien xedea, merkataritza jardueraren bat lokal huts batean abian jarri edo martxan dagoen negozioa eskualdatu nahi duten pertsonei diru laguntzak ematea da. Honela, Beasaingo merkataritza sektorea biziberritzea da udalaren helburua.
Helburu horrekin, Beasaingo Udalak dagoeneko itxita dagoen lokala eskuratzeko edo alokatzeko edo oraindik irekita dauden baina ixteko asmoa duten enpresen transmisioan laguntzeko dirulaguntzak ematen jarraituko du.
Honetarako hiru dirulaguntza lerro ditu Udalak: oraindik martxan dagoen negozioa eskualdatzeko dirulaguntzak, jarduera bat garatzeko dagoeneko hutsik dagoen lokal hutsa alokatzeko dirulaguntza, eta jarduera bat garatzeko, dagoeneko hutsik dagoen lokal hutsa erosteko dirulaguntzak.
Eskualdatzeko dirulaguntzetan eta hutsik dagoen lokala alokatzeko laguntzetan, lehenengo urtean alokairu gastuaren %50, gehienez ere 300€ hilean lagunduko da. Bigarren eta hirugarren urtean alokairu gastuaren %40, gehienez ere 200€ hilean. Establezimendua erosiz gero, dirulaguntza Katastroko balioaren %4 izango da, gehienez ere 2.000€. Oinarriak onartzeko bozketan, EHBilduk aurka (5) eta EAJk (10) eta Alderdi Sozialistak (2) alde bozkatu zuten.
Euskararen presentzia saltokietan sustatzea
Lokal hutsak alokatzeko, erosteko edo eskualdatzeko laguntzez gain, errotulazioa eta web-ak euskaraz egiteko dirulaguntzen oinarriak onartu ditu azken osoko bilkurak. Merkataritzan hizkuntza paisaia euskalduntze aldera, diru laguntza emateko oinarriak ere onartu dira aho batez osoko bilkurak. Horrela, errotuluak euskara hutsean izateagatik kostuaren %50 lagunduko da (gehienez 240€). Irudi korporatiboaren kasuan testua euskara hutsez jarriz gero, kostuaren %50 lagunduko da (gehienez 180€). Web orrien kasuan, euskara hutsez eginez gero kostuaren %50 izango da dirulaguntza (gehienez ere 450€) eta euskaraz eta beste hizkuntza batean edo batzuetan egonez gero, kostuaren %40 izango da (gehienez 360€).
Urtarrileko osoko bilkuran aztertutako beste gai batzuk honakoak izan dira; Antzizar kiroldegiko kudeaketa, Instalaciones deportivas Masquatro SL enpresari esleitzea erabaki da urtebetez. Esleipen prezioa 1.415.143,40 euro (BEZ barne). Bozketan, EHBilduk (5) aurka bozkatu zuen eta EAJk (10) eta PSEk (2) alde. Honen harira, Mugiment kirol txartela ezartzeko, Udalak eta EAEko administrazio orokorrak sinatu beharreko lankidetza-hitzarmena ere aho batez onartu da.
Ongizatearekin lotuta, arrisku edo mendekotasun egoeran dauden adinekoen autonomía sustatzeko tailerrak emateko zerbitzua kontratatzeko baldintza pleguen eta deialdi publikoa egitea onartu da aho batez.
Hiri Antolamendua eta argiteria publikoa
Lurralde batzordeko proposamenen artean, Beasaingo Hiri Antolamenduko Plan Orokorrari hasierako onespena eman zaio EHBildu (5) eta PSEren (2) aurkako bozekin eta EAJren (10) aldekoekin. Honen aurretik, Fleming eremuko Arau Subsidiarioen aldaketari behin-behineko onespena eman zitzaion EAJren (10) eta PSEren (2) aldeko botuekin eta EHBilduren aurkakoekin (5).
Eta udalerrian argiteria publikoa eta udal eraikinetako instalazio elektrikoak kontserbatzeko eta mantentzeko zerbitzua Loyola Norte SA enpresari esleitzea onartu du aho batez osoko bilkurak. Oinarrizko zerbitzuaren prezioa 104.917,14 eurokoa izango da (BEZ barne) eta materialen hornidura urteko 92.215,47 euro. Egikaritze epea hiru urtekoa izango da urte bateko bi luzapen egiteko aukerarekin.