Udalerriko kaleetan hamasei puntu berri gehiago argiztatuko dira kaleak girotzeko eta bide batez merkataritza sustatzeko
Datorren ostiralean, hilak 15 piztuko dira lehenengoz eta errege eguna pasa ondoren kenduko dira
Eguberri giroan murgiltzeko kalea girotu eta merkataritza sustatzeko helburuz, argiteria indartzeko ahalegina egin du Udalak. Azken hamar urteetan ez da aldaketarik izan argi kopuruari dagokionez eta aurretik argitzen ziren hainbat kale berriro argiz jantziko dira Eguberri hauetan.
Aurten berrikuntza modura, hamasei puntu berrietan jarriko dira argiak; sei Ezkiaga Etorbidean, Igartza Oleta kalean lau, eta Nafarroa etorbidean, Barrendain plazako bidegurutzetik Mendeurren etorbideko bidegurutzeraino sei.
Gainontzean ohiko kaleetan urtez-urte jarri direnak mantenduko dira, Kale Nagusia, Iturriotz kalea, Esteban Lasa, San Inazio eta Nafarroa etorbideko arboladian. Guztira 19 argi puntu.
Ohikoak diren arkuak, borobilak eta pinu itxurazkoak hainbat leku atonduko dituzte eta zorionak hitza adierazten dutenak herri sarreretan kokatu dira. Guztiak kontsumo urriko led argiak.
Datorren ostiralean, hilak 15 piztuko dira Eguberrietako argiak eta errege eguna pasa eta gero kenduko dira. Kaleetako argiteria arruntarekin piztuko dira Eguberrietakoak ere eta goizaldeko ordubietan itzaliko dira.