Gipuzkoa plazako Urbieta etxearen atzekaldea, Zaldizurreta kaleko biribilgunearen alboko belardia eta Igartzako burdinolaren ondoko zelaia egokitu dira txakurrak aske ibiltzeko
Orain urtebete Ezkiaga auzoan egokitu zen lehena eta oraingo hiru hauekin lau dira herri osoan zabalduta daudenak
Beasainen txakurrak aske uzteko hiru eremu berri hauekin, txakurren jabeek bere garaian egindako eskaerari erantzun dio Udalak. Txakurrentzako aisia-guneen proiektua duela urtebete Ezkiaga auzoan ireki zen parkearekin gauzatzen hasi zen. Lehenengoa izan zen hura eta funtzionamendua nolakoa izan behar zuen ikusteko balio izan du. Haren esperientziaren ondoren, aurreikusita zeuden hurrengo hirurak gauzatu dira. Txakur-jabe eta bizilagunen iritziak eta urtebeteko esperientziak ekarri du herri osora zabaltzea honelako guneak.
Lau txakur-parke hauek berezitasun edo ezaugarri berdinak dituzte. Perimetro osoa hesitua dute 1,20 metroko altueradun hesi metalikoz. Txakurren gorotzak botatzeko zakarrontziak jarri dira eta gune hauek erabiltzeko arauak adierazten dituzten kartelak ipini dira.
Udal gobernuak honela, legegintzaldi hasieran bere konpromisoen artean burutzeko zuen egitasmoa gauzatu du. Erabakia eta funtzionamendua beti ere, zakur jabeen eskaerak eta bizilagunen iritziak entzun eta bi aldeen arteko adostasuna lortu ondoren bete da.
Arduraz jokatzeko beharra
Txakurren arreta eta zaintza jabe bakoitzari dagokio. Horregatik Udalak bai txakur-parkeetan eta kalean oro har, jabeei euren txakurren ardura zorrotz eramatea eskatzen die. Txakurrak nola eraman eta zaindu araudiak agintzen duen moduan arretaz betetzea eskatzen da eta hainbeste arazo ematen duten gorotzak ere jaso egin behar dira. Udaltzaingotik gogorarazten da araudia betetzen ez denean dagokion zigorra ezarriko dela.