Legegintzaldi hasieran egin zen trafiko azterketak utzitako beharrei erantzunez, 14 aparkaleku plaza gehiago sortuko dituen proiekturako esleipena abian da
Bide batez, kale honetan berrikuntza lanak burutuko dira eta etxebizitzak hornitzen dituzten zerbitzuen sare osoa aldatuko da
Legegintzaldi hasieran burututako herriko trafiko azterketak antzemandako beharrei erantzuteko, proiektu eta lan berriak abian jartzen darrai udal gobernua. Hori dela eta, Martin Aranburu eta Zapatari kaleak gurutzatzen diren eremuan, aparkaleku kopuruak gehitzeko lanak esleitzeko prozesua martxan jarri du. Abenduko gobernu batzordean hartutako erabakiaren ondotik, aipaturiko eremuan 14 aparkaleku gehiago sortzeko lanen proiektua eta honi dagokion esleipena onartu ziren.
2015ean egindako azterketak herriko inguru honetan ibilgailuentzako aparkalekuen beharra agerian utzi zuen. Udal gobernuak beste zenbait lekuetan egindako esku hartzeen ondotik, aipatu eremuaren txanda iritsi da. Ondorioz, exekuzio proiektuan agertzen diren obrak, Zapatari kaleko biribilgunetik gora doan aldapako errepidean eta Martin Aranburu kalearekin gurutzatzen den eremuari eragingo diote. Hau aprobetxatuz, Martin Aranburu kalean eraberritze lanak egingo dira eta ondorioz zerbitzu sarearen berrikuntza osoa egingo da. Era berean, espaloiak errepidearen maila berean kokatuko dira irisgarritasuna hobetzeko eta oinezko eta ibilgailuentzako espazio partekatua bihurtzeko. Ondorioz, Martin Aranburu kalean orain arte linean zeuden ibilgailuak baterian aparkatzeko egokitzapenak egingo dira eta ondoko aldapan zuhaitz artean plaza gehiago sortuko dira.
Kontutan izan behar da kale honetako etxebizitzak hirurogeigarren hamarkadan eraikiak izan zirela eta orduz geroztik ez dela zerbitzu sarean aldaketarik egon. Ur kontsortzioak bere gain hartuko du urak biltzeko sarearen berrikuntza lan guztia (ur zikinak biltzeko sarea eta ur hornikuntza sarea).
Garmendia Otaolako espaloi zati baten berritzea
Esleipen honetan, Garmendia Otaola kaleko espaloi zati bat berritzeko lanak ere txertatu dira. Hondatuta dagoen zatia berritzeaz gain, irisgarritasuna hobetzeko balioko du lan honek . Berritu diren azken espaloietan bezala, asfalto koloreztatua erabiliko da. Bere ezaugarriengatik, mantenu aldetik kostu urria du eta beste aldetik irisgarritasuna hobetzen da honelako espazioetan.
Esleipenaren prozesua amaitzen denean hasiko dira lanak. Aurreikuspenen arabera lanak martxoaren erdialdean hasi eta bost hilabeteko iraupena izango dutela espero da.