Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Azpiegiturak eta zerbitzuak

Erauskin plazaren eremuko proiektua aurkeztu da

2018/02/16

Bertan burutuko diren berrurbanizazio lanek helburu dute, eremu publiko irisgarria, segurua eta jasangarria, bertako merkataritzari bultzada emango diona eta ibilgailuen aurrean oinezkoak lehenetsiko dituena sortzea

Espazio hau definituko duten ardatz nagusiak bai Udaleko batzordean kideei eta baita hausnarketa prozesuan parte hartu zuten pertsonei aurkeztua izan da

Udal gobernuak honela bidea ireki dio legegintzaldi honetan eragin nabarmena izango duen proiektu esanguratsuenetako bati. Egitasmo honek herriko ingurune bat biziberritu eta bultzatzea du helburu, non pertsonak  eta hauen ongizatea diren protagonistak.

Proiektua Udaleko Lurraldea batzordean eta Udalak gune hau definitzeko burutu zuen hausnarketa prozesuan parte hartu zuten pertsonen aurrean aurkeztua izan zen atzo.

Proiektuaren jatorria, hausnarketa prozesuan eman ziren ondorioetan oinarrituta dago. Hala baina, eremu hau nabarmendu eta biziberritzea da nahia; espazio publiko irisgarria, segurua, jasangarria eta era berean oinezkoentzako jadanik eginak dauden herriko bi espazio nagusiak lotzeko balioko duena; Nafarroa etorbidea Gernika pasealekuko “Pergolak” barne eta kale Nagusia. Era berean, beste xede nagusi batzuk herritarrentzako topalekua izatea, bertako merkataritza bultzatzea eta zirkulazioa berrantolatuz oinezkoak ibilgailuen gainetik lehenestea dira.

Plaza berriaren diseinua egiten hasterakoan, kontutan izan da eremu hau herrian jadanik oinezkoentzako dauden bi ardatz nagusien lotunea dela, Pergoletako ibilbidea eta Kale Nagusia.  Honela, eremu hau eraldatzen denean, herria alderik alde zeharkatzen duen ardatza nagusia, hiltegi zaharreko zubitik Barrendain plazaraino, oinezkoentzako bihurtuko da.

Plazan egingo diren lanekin batera, trafikoarekin lotutako zenbait aldaketa ere gauzatuko dira. Honela, inguru honetako bizilagunei eta garajeetako jabeei, iris-bidea Nafarroa etorbidetik bideratuko zaie. Beste aldaketa Trenbide kaleko aparkalekuei dagokiena da. Lerro hau Pergolen aldera pasako da. Honetaz gain, Oriamendi kalean bi norabideetako zirkulazioa berreskuratuko da Erauskin plazara iritsi ahal izateko.

Erauskin plazaren berrurbanizazioa

Aldaketarik nagusiena, Erauskin plaza ekialdetik mendebaldera zeharkatzen duen ibilgailuentzako errepidea kentzea izango da. Honela oinezkoentzako eremu zabal bat geratuko da. Ibilgailuei kasu oso berezietan utziko zaie sartzen.

Zoladura guztia aldatuko da, garaiera eta desnibel guztiak kenduko dira lur zorua maila berdinean uzteko. Pertsonak egoteko espazio ezberdinak sortuko dira beti ere irisgarritasuna lehenetsiz. Horrela, abangoardiazko hiri-altzariak kokatzearen aldeko apustua egingo da, inguruari egokituz eta egungo arboladiarekin bat eginez. Aisialdirako espazioak sortuko dira edozein ekimen mota egiteko aproposa izateko.

Oholtza altua

Plaza berriaren ekialdean, eremu osoaren gainetik altxatua geratuko den plataforma edo oholtza bat eraikiko da.

Plataforma edo oholtza hau, oraingo pergoletako ibilbidearen amaieran kokatuko da. Altzairuzko txaparekin egindako arku-egitura batez estalia egongo da eta Nafarroa etorbidetik ikusita atze-oihal baten itsura izango du. Kale Nagusitik berriz sarrerako ate nagusi baten itsura izango du. Eszenategi berriak 10x6m-ko azalera izango du, plataforma hiritar bat izateko asmoz eraikiko da, irisgarria, eta balio anitza, edozein jarduera bertan egin ahal izateko.

Estatuaren kokapena

Egun, Estatuaren plaza izenarekin ezagutzen den tokian, 1962an eraikitako Loinazko San Martinen omenezko monumentua aurkitzen da. Plazaren berrurbanizazioak monolito honen presentzia nabarmentzea aurreikusten du. Bere lekuan jarraituko du eta zenbait egokitzapen egingo zaizkio; atzeraino luzatuko den gona itxura izango duen altzairuzko txapaz egindako basamentu berria diseinatuko da eta eskulturaren atzean dagoen santuaren omenez zizelkatuta dagoen eskaintzaren hormari lotuko zaio.

Behin proiektua onetsita, lanen esleipena etorriko da eta ondoren lanen gauzatzea. Horretarako pauso bakoitzari dagozkion epeak bete behar direnez udaran lanak hastea espero da .

Imagen de la presentación pública realizadaImagen de la presentación pública realizada